Otsailean, Loizuko (Zangotzako merindadea) koba batean aurkitutako 12.000 urteko giza hezurdura aurkeztu zuten; hil honetan, Donamartiriko Isturitze koban (Nafarroa Beherea) aurkitutako 30.000 urteko mamut hezurrak.
Egunkari honek informazio bikaina eman du bi aurkikuntzez, argazki ederrez lagunduta. Horiek aztertzeko zientzialari eta unibertsitateen artean mugimendu handia sortu dela dio. Loizun agerturiko giza hezurduraren azterketari buruz, honela zioen otsailaren erdialdera: “Diziplina anitzeko 26 laguneko talde bat egongo da arrastoak aztertzen. Besteak beste, Kantabria, Burgos, York, Uppsala, Cambridge eta CSICeko ikertzaileak ibiliko dira ikerketan”.
Donamartiriko Isturitzeko aurkikuntza honela aurkezten du apirilaren 16ko alearen azalean: “Mamut ehiza Isturitzen. Duela 30.000 urteko tresnak eta animalien arrastoak aurkitu dituzte Donamartiriko leizean, EHUko talde batek zuzendu duen nazioarteko indusketan”. Eta, gero, erreportajean: “… maila estratigrafiko bakoitzetik gutxienez bi lagin bidaliko ditugu unibertsitate ezberdinetara laborategiek karbono-14 proba egiteko”.
Kasu hauek Iruña-Veleiakoarekin konparatu eta prozedurak zeharo ezberdinak direla ikusten da. Iruña-Veleiakoan, behin eta berriz eskatu arren, ez zen nazioarteko aditurik onartu; grafitoen laginak ez ziren ez laborategi ez unibertsitate desberdinetara bidali; zientziaren bidearen ordez epai-bideari ekin zioten arduradunek; 400 grafitoetatik soilik % 10a aztertu da… Eliseo Gil epaile batek zigortu zuen, ikerlari batek (J.V. Navarro) laborategi batean (IPCE) egindako ikerketan oinarrituta. Bat, bat, bat. Lekutan daude nazioarteko ikertzaile, unibertsitate edo laborategiak!
Une honetan, euskararen historiarako hain garrantzitsuak izan daitezkeen grafitoak giltzapean dauzka (!?) Arabako Aldundiak, tabu bihurtuta eta ikerketa berriak egiteko bideak oztopatuta: grafitoen %90a aztertu gabe dago, indusketa kontrolaturik ez da egiten, laginik ez da bidaltzen unibertsitate eta laborategietara, informazio handia eman dezaketen ehundaka pieza garbitzeke daude 2008tik… Loizuko eta Isturitzeko bidea zuzena da. Iruña-Veleiakoa kudeatzen dutenek badute non zer ikasia.