34 urteko portugaletearra da zendutakoa. Loiuko Sisteinge enpresarentzako lan egiten zuen, eta azpikontrataturik lanean ari zela hil zen Kantabriako Derivados del Fluor enpresan, larunbatean.
Larunbatean gertatu zen lan istripua, Kantabriako Onton herrian kokatutako Derivados del Fluor enpresan. Eztanda batek erredurak eragin zizkion 34 urteko langileari. Gurutzetako ospitalera eraman zuten zauritua, eta ospitalean zendu zen.
Istripua Euskal Herrian jazotakoen zerrendara batu du beronen berri eman zuen CCOO sindikatuak; izan ere, zendutako langilea Loiuko Sisteinge enpresako langilea zen, eta azpikontrataturik ari zen lanean. Portugaleteko bizilaguna zen zendutakoa.
LABen lan istripuen zenbaketaren arabera, istripu honekin 49 dira aurten Euskal Herrian hildako langileak, eta beste batek desagerturik dirau Zaldibarko zabortegian.