argia.eus
INPRIMATU
Loiuko aireportuko langile baten antsietatea lan istriputzat jo dute auzitegietan
  • Epaileak lotura zuzena antzeman du langileak pairatutako antsietatearen eta lan gatazkaren artean, eta hortaz, lan istriputzat jo du kasua.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 12a
Loiuko aireportua (Argazkia: Basotxerri)

Bilboko lan arloko epaitegiak frogatutzat jo du Loiuko eireportuko langile batek pairatutako antsietatea lan gatazkaren ondorio zela, eta hargatik, lan istripitzat jo du. Kaltetua aireportuko garbiketa langile azpikontratatua da, Multiservicios Aeroportuarios SA enpresarentzat lan egiten du. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, antsietatearen ondorioz urtebete eman du laneko bajan, 2019ko irailetik 2020ko azarora.

Antsietate kasuak lan istriputzat jotzea, maiz auzitegietan egiten den zerbait da; antsietate krisien eta lan istripuen arteko lotura ez baita zuzenean egin ohi beti. Loiuko garbitzailearen kasuan, langilearen mesedetan jokatu du lan gatazkaren existentzia jasota egon izanak: bere garaian, lan gatazka egiaztatu zuen Lan Ikuskaritzak, eta epaiak aurrekaritzat jo ditu kasuarekin loturan egindako prozesu judizialak eta baita langilearen eskariz enpresan ezarritako jazarpen protokoloa ere. Epaiak lotura zuzena egin du gaixotasunaren eta lan gatazkaren artean.

CCOO sindikatuko EAEko osasun arduradun Alfonso Riosen arabera, beharrezkoa da arrisku psikosozialen aurrean prebentzio neurriak zorroztea, batik bat lan kargaren banaketari, eginbeharren aurretiazko plangintzari eta horri guztiari buruzko komunikaziori dagokionean. Izan ere, sindikatuaren arabera, pandemiaren ondorioz areagotuz ari dira arrisku psikosozialak.