Gizona Marokotik zetorren hegaldi batetik iritsi zen eta asiloa eskatu zuen, jazarritako ekintzaile politikoa zelako. Ukatu egin zioten eta gaur deportatu behar zuten, baina atzeratu egin dute. Abokatuek Auzitegi Nazionalaren aurrean aurkezturiko “erreguzko errekurtsoa” onartzen ez badute, bihar goizean deportatuko dute.
Ekainaren 23an Loiuko aireportuan Espainiako Polizia Nazionalak sarrera ukatu zion gazte saharar bati, Marokotik Kubara zihoan hegaldi batetik zetorrena, Bilbon eta Madrilen eskala egin behar zuena. Gizonak pasaportea indarrean du baina baimenak "behar bezala" ez ditu, eta argudio horrekin 10 egun inguru daukate atxikita Loiuko aireportuko onartu gabekoen gelan. Aktibistak asilo eskaera egin du, baina Espainiako Gobernuak ukatu egin dio.
Hasieran marokoarra zela esan bazen ere, gizonak adierazi du sahararra dela, jazarritako ekintzaile politikoa eta zuzenbide ikaslea dela, eta Frantzian errefuxiatu gisa hartutako senideak dituela. Javier Galparsoro Zehar Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak uztailaren 3an egindako prentsaurrekoan adierazi du sahararrak Marokora deportatzekotan espetxeratua izateko beldurra duela eta “Maroko ez den edozein herrialdetara” deportatzea eskatu duela. Hasiera batean osteguneko 07:00etan deportatuko zutela iragarri bazuten ere, atzeratu egin dute. Zehar Errefuxiatuekin elkartea asilo-ukatzearen aurkako errekurtso sorta programatzen ari da. Abokatuek “erreguzko errekurtsoa” aurkeztu diote Espainiako Auzitegi Nazionalari deportazioa eteteko eta errekurtsoa onartzen ez badute, ekintzaile sahararra bihar goizean deportatuko dute, EITBk jaso duenez.
ACNURek adierazi duenez, sahararra izanda asilo-eskubidea du eta Aberrigabeen Estatutuari atxikitzea eska dezakeela nabarmendu du Galparsorok, EITBk informatu duenez. Elkarteak “behin-behinean sartzeko baimena ematea” espero du, eta asiloa ukatzearen errekurtsoak eta aberrigabe izatearen eskaerak denbora gehiago beharko dutela adierazi dute. “Asilo eta Babeserako Bulegoak lau eguneko epea du asilo-eskaera onartu den edo ez jakinarazteko”, adierazi du Galparsorok. Zehar Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak Loiun jazotakoaren dokumentazio guztia Madrilera bidali beharrak suposatzen duen “zailtasuna” azpimarratu du.
Elkarteen eta aireportuko langileen babesa
Mugak Zabalduz eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek adierazpen bateratua zabaldu dute, eta ekintzaile sahararraren egoera salatu. Elkarteen esanetan, deportazioa “ez dago legean eta zuzenbidean oinarrituta”, eta “arriskuan jartzen du pertsona horren bizitza”. Sahararra Loiuko aireportuan bizitzen ari den egoera salatu dute, eta haien esanetan gizona “aireportuko langileek eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak artatu behar izan dute”.