argia.eus
INPRIMATU
Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz
  • Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku larririk”. Gizona gauean ospitalean izan da, zenbait iturriren arabera, asteazkenean gose greba hasi zuen eta, baina alta eman diote.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 05
Bilboko Moyua plazan izandako elkarretaratzea, Loiuko aireportuan atxikitako gaztearen egoera salatzeko. Argazkia: Ecuador Etxea

Ekainaren 23an Loiuko aireportuan Espainiako Polizia Nazionalak sarrera ukatu zion gazte saharar bati, Marokotik Kubara zihoan hegaldi batetik zetorrena, Bilbon eta Madrilen eskala egin behar zuena. Gazteak asilo eskaera egin zuen eta jazarritako ekintzaile politikoa zela esan zuen, baina hori ere ukatu egin diote. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aurrean gizonaren deportazioa geldiarazteko aurkezturiko neurriak ukatu egin dituzte ostegunean, uztailaren 4an, eta ostiralean 15:00etan Loiuko aireportutik Tangerrera doan hegaldi batean deportatuko dute, EITBk jaso duenez.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren balorazioaren arabera, gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku larririk”. “Saharar herriaren aldeko manifestazioetan parte hartzeagatik atxilotu” dutela direla froga bakarrak adierazi dute deportazioaren aurkako ekintzaileek, EFEk jaso duenez.

Elkarteen erantzuna

Elkarte askok Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia gaitzetsi egin dute. Zehar Errefuxiatuekin elkarteak “onartezina” dela salatu du eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Bilboko Moyua plazan elkarretaratzera deitu zuen sare sozialen bitartez, sahararren egoera salatzeko. Javier Galparsoro, Zehar Errefuxiatuekin elkarteko presidenteak, Bilbon egindako kontzentrazioan komunikabideen aurrean adierazpenak egin zituen: “Ez gara ari asilo-eskubidea onartzeaz, Espainian sartzea uzteaz baizik, ondoren eskaera sakonago aztertu ahal izateko, eta jasan duen jazarpena egiaztatzen duten txosten guztiak edukitzeko”. “Kezka handia” erakutsi dute gaztearen egoerarekiko.

Ostegunean, arratsaldeko 19:00etan, egindako kontzentrazioan, pertsona ugari bildu ziren gaztearen egoera salatzeko. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak sare sozialen bitartez Maroko hiltzailea, Espainia babeslea leloaren pean deitu zuen elkarretaratzea.

Gauean ospitalean

Espainiako Poliziaren iturrien arabera, deportatua izateko arriskuagatik gazte sahararrak asteazkenean gose greba hasi ondoren, ostegunetik ostiralerako gauean ospitalera eraman zuten, gizonaren osasun egoeraren azterketa egiteko, baina 02:00ak aldera alta eman zioten eta aireportuko onartu gabekoen gelara itzuli zen, Deiak jaso duenez.

Gaztea deportazioaren beldur

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak saharar gizonarekin izandako elkarrizketa jaso du EITBk, non horrek bere bizipenak azaldu dituen. “Saharako ikasle mugimenduko aktibista nintzen, liburuxkak banatzen genituen, pankartak zintzilikatzen genituen Marokoko erakundeetan eta Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko kontsignak idazten genituen hainbat erakundetako hormetan”, adierazi du gazte sahararrak.

Marokoko agintariek “torturatu” egin zutela adierazi du. Javier Galparsorok ostegunean emandako prentsaurrekoan adierazi du nola gazteak “Maroko ez den edozein herrialdetara” deportatzeko eskatu duela eta elkartearekin izandako elkarrizketan bere etorkizunaren beldur dela adierazi die: “Beldur naiz Marokora deportatuko nautela eta han zer gertatuko zaidan pentsatzean”.