argia.eus
INPRIMATU
Loiuko aireportua handitzeko presionatzen hasi da Bilbao Air, inguruko udalerriekin kontsultatu gabe
  • Jon Gangoiti Bilbao Air sozietate publikoko zuzendariak adierazi du pentsatu behar dela “epe ertainean” Bizkaiko aireportua nola handitu.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 20a
Bost milioi erabiltzailerentzat pentsatutako aireportua handitzeko premiaz hitz egin du Bilbao Air-ek, aurten bidaiari kopuru horretara iritsi ez den arren (argazkia: Basotxerri CC-by-sa).

Aireportuak aurtengo lehen sei hilabeteetan izan duen jarduerari buruzko datuak ematearekin batera egin ditu adierazpenok Gangoitik. Deiak jaso duenez, %10 inguru hazi da Loiuko bidaiari kopurua iazko lehen seihilekoarekin alderatuta. Bilbao Air-en zuzendariaren ustez, tendentzia mantenduz gero bost milioi bidaiari gainditu ditzake azpiegiturak 2017an.

Asmo horiekin desados agertu da Bizkaiko egunkarian Josu Begoña Loiuko alkatea. Begoñak azaldu duenez, Bilbao Air sozietateko kide dira aireportuaren inguruko udalerriak, baina elkarte horren bileretan ez da aireportua handitzeaz hitz egin. Gainera, esplikatu du sozietateko partaide guztiak bat etorri izan direla ordutegiak zabaltzearen aurka edo gaueko hegaldien kontra.

Eskari bera 2015ean, bidaiari gutxiagorekin

Gangoitik aste honetan eman dituen datuen arabera, 2,3 milioi bidaiari pasa dira Loiutik 2017ko lehen seihilekoan. Baina bidaiari kopuru apalagoak ere aski izan zituen aireportua handitu behar zela esateko 2015ean. Orduan 2 milioi bidaiarira iristen ez ziren datuekin hasi zen aireportua handitzeko premiaz hitz egiten.

Gainera, duela bi urte Gangoitik berak azaldu zuenez, Loiuko aireportua gaur egungo egiturarekin 5-6 milioi bidaiarirentzat pentsatuta dago, oraindik aireportuak inoiz lortu ez dituen kopuruak alegia.