argia.eus
INPRIMATU
Loiolako Kuartela ez eraistea ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, VOXen eskariz
  • Espainiako Armadak Donostiako Loiola auzoan duen kuartela ezingo da eraitsi. EAEko Auzitegi Nagusiak hala erabaki du VOXek aurkeztutako helegitea aintzat hartuta. Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi du hiriaren garapenerako "oztopoa" dela eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko dutela esan du.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 14a
Iturria: Wikipedia, egilea: Joxemai.

Loiolako kuartela bota eta 2.000 etxebizitza baino gehiago egiteko asmoa zuen Donostiako Udalak. Kuartela lekualdatzeko eskaeraren berri 2018an eman zuten eta 2020ko azaroan, EAJk Espainiako aurrekontuak babestearen truke, Pedro Sanchezen gobernuak konpromisoa hartu zuen armadak azken mendean Donostian okupatu zituen lurrak uzteko. Kuartel zaharren salmentatik lortutako diruarekin eraikin berri bat egin nahi zuen Espainiako Defentsa Ministerioak Real Sociedad Hípicako lurretan. EAEko Auzitegi Nagusiak ordea, Vox alderdi ultraeskuindarraren helegitea onartu du eta Loiolako kuartela babestu beharko du Donostiako Udalak, militarren eraikin multzoa Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren barruan sartuta.

Donostiako alkate Eneko Goiak uda iritsi baino lehen aurreikusten zuen Loiolako kuartelen inguruko akordioa lortzea. Ostegun honetan Euskal Irratian emandako elkarrizketan adierazi du kuartela “dudarik gabe oztopoa” dela eta ziurtatu du Espainiako Ministerioarekin kuartelaren etorkizunaren inguruan analisia egingo duela. 

2021eko martxoan eraman zuen epaitegietara VOXek Donostiako Udalak aurreikusita zuen plana. Onartua izan den arren, ez dute helegitean jasotako forman egin, VOXek babes maila gorena eskatu zuelako kuartelarentzat, eta ez da hala izan.

Uztailaren 14ko prentsaurrekoa. Argazkia: Donostiako Udala.

Uztailaren 14ean emandako prentsaurrekoan zuhurtzia eskatu du lehenik Eneko Goia alkateak eta haiek ere berdin jokatuko dutela adierazi du. Gogorarazi du VOXek jarri duen helegitearen ondorioa dela orain duten arazoa, Donostiako Udalean ordezkaririk ez duen alderdia dela azpimarratu du alkateak.

Uztailaren 13an ministerioarekin hitzegiteko aukera izan duela ere esan du Goiak, eta gehitu du haien borondatea garbia dela: “elkarren artean irakurketa egitea eta erakunde bakoitzak dauzkan baliabideen arabera erabili beharreko tresnak erabiltzea”. Donostiako alkateak gaineratu du proiektua "bukaeraraino" aurrera eramateko asmoa dutela: "Lanean jarraituko dugu, eragozpenak gainditzeko asmoarekin eta nahiarekin. Hiri honek helburu oso argia daukalako eta behar duelako lursail hori hiriari eskaintzea".

Ziurgabetasuna ere badagoela adierazi du, lur horiek uholde arriskua dute-eta. Udalaren asmoa Txomin auzoan egindakoa errepikatzea da: altura handitzea kuartela dagoen lekuan. Hiriak lur horren beharra duela azpimarratu du behin era berriro, eta zuzenean Espainiako Auzitegi Gorenera joko duela adierazi du, helegitea jartzeko.

Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia ondo dagoela ziurtatu du, baina horrek lurren erabilerarekin bateragarria izan behar duela esan du. VOXek nahi duena kuartelak betiko erabilera militarra izatea dela adierazi du, baina ziurtatu du: "babes ondareak ez du horretara behartu".