argia.eus
INPRIMATU
Loiolako Herri Harresian atxilotutako bi lagun epaituko dituzte urtarrilaren 26an
  • Fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bi auzipetuentzat, desobedientzia eta erresistentzia leporatuta. Akusazio partikularrak, ordea, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia leporatzen dizkie.

Topatu.eus @topatu_eus 2017ko urtarrilaren 18a
Ehunka lagunek desobedientzia ariketa egin zuten Loiolako Basilikaren eskaileretan. (Argazkia: Axier Lopez)

2014ko irailean Loiolako Herri Harresian atxilotu zituzten bi lagunek epaiketa izango dute urtarrilaren 26an Donostiako Lurralde Auzitegian. Hau salatzeko agerraldia egin dute gaur goizean hainbat herritarrek.

Segiko kideak izatea egotzita 1/12 sumarioan auzipetuta zeuden Jazint Ramirezi, Irati Tobarri, Igarki Roblesi, Xabier Arinari eta Imanol Salinasi babesa erakusteko herri harresia eraiki zuten Loiolan. Poliziak bertan bildutakoak “bortizki” atera zituen, bost gazteez gain beste bi herritar atxilotuz.

"Herri harresia husten ari zirela ertzain bat lurrera erori eta ospitalera eraman behar izan zuten, eta momentu horretan Ertzaintzak gu biok atxilotzea erabaki zuen, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta, ertzainekin kontaktu fisikorik ere izan ez genuen arren”, azaldu du atxilotuetako batek. Ertzain-etxean, baina, atentatu kargua kendu eta desobedientzia leporatu zieten bi atxilotuei, "halakorik gertatu ez zela ohartzean".

Fiskalak zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du bi auzipetuentzat, desobedientzia eta erresistentzia leporatuta. Akusazio partikularrak, ordea, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia leporatzen dizkie, eta hiru urtera arteko espetxe zigorra zein 21.292 euroko kalte ordainak ordaintzea eskatzen ditu.

Hilaren 26an deklaratu beharko dute bi herritarrek eta epaiketara "muntaia hau salatzera eta eskubide politikoen aldeko jarrera berrestera" joango direla azpimarratu dute bi auzipetuek.

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra