1998 eta 2001 bitartean egindako “etengabeko” erasoak salatu ditu biktimak. Gernikako Sare Feministak saskibaloi klubaren “konplizitatea” salatzeko manifestazioa deitu du. Nerabeak 13 urte zituen lehen sexu-abusua gertatu zenean, eta erasotzaileak 31.
Gernikako KESB saskibaloi taldeko entrenatzaile izandako Mario Lopez ikertzen ari dira, klubeko jokalari zen nerabe bati hiru urtez sexu abusuak egiteagatik. El País hedabideak jakinarazi duenez, salaketaren arabera 1998ko uztailetik 2001era bitartean gertatu ziren erasoak. Lehen sexu-abusua gertatu zenean, biktimak 13 urte zituen, eta erasotzaileak 31. Horrez gain, neskak “etengabeko mehatxuak” eta “kontrola” ere salatu ditu. Lopez gaur egun ez da entrenatzailea, baina klubeko kirol arduraduna izan da igandean kargugabetu duten arte.
Iragan ekainean jarri zuen salaketa neskak, ia bi hamarkadaren ondoren. Bertan jasotzen da erasoak entrenatzailearen etxean hasi zirela partida bat ikusten zuten bitartean. Une hartan Lopez Emakumeen Ligako klubeko teknikoa zen. Hortik aurrera, errepikatu egin ziren, batez ere erasotzailearen etxean eta kirol-bidaiaren batean. “Sexu-askatasunaren aurkako atentatuak eta indarkeria fisikoko ekintzak izan ziren. Hori guztia, Lopezek adinagatik eta posizioagatik biktimarekiko duen nagusitasun-testuinguruan”, adierazi du abokatuak jarritako salaketak. Horren arabera, bortxatu eta felazioak egitera behartu zuen.
Espainiako Saskibaloi Federazioak erasoak gaitzetsi ditu. Halaber, adierazi du honen berri izan zuela urriaren 29an, klubaren aurkako salaketa jaso zuenean. Federazioak edozein lehiaketetan parte hartzea debekatu dio Lopezi, “behin betiko sententzia” atera arte. Gernika KESB klubak adierazi du halako kasuetako protokoloak betetzen dituela, eta Lopezengandik “bereizi” direla.
Hainbat eragile, kalera
Gernika-Lumoko Sare Feministak manifestazioa egingo du astelehenean 19:00etan. Taldeak saskibaloi klubaren “konplizitatea” salatu du. Sare Feministako kideek azaldu dutenez, kasuaren berri izan zutenean Lopez haurren campus bateko entrenatzaile zen, eta aurreikusita zegoen 2023-2024 denboraldian Ligako lehen taldeko entrenatzaile izatea. Uda hasieran klubari eskatu zioten entrenatzaile postutik kentzeko, eta klubak ezezkoa eman zien: "Esan ziguten bai Juntaren eta sponsorren partetik zein jokalarien partetik entrenatzaile gisa mantentzeko adostasuna zegoela eta horixe bera egingo zutela".
Bestalde, astelehenean 16:00etan, Allende Salazar eskolako zuzendaritzak eta guraso elkarteak protesta ekintza bat egingo dute ikastetxean, biktima eskolako ikasle izan baitzen.