Saskibaloi taldeak Mario Lopez entrenatzaile gisa mantentzea erabaki zuen, Sare Feminista egoerari “irtenbide bat” ematen saiatu zen arren.
Zeresana ematen jarraitzen du 1998 eta 2001 artean Gernikako Lointek saskibaloi taldeko entrenatzaile Mario Lopezek jokalari nerabe bati egindako sexu-abusuen kasuak. 3.000 lagun inguru bildu ditu Sare Feministak kasua salatzeko Gernika-Lumon egindako elkarretaratzeak. Gogor salatu du: “Gaur kalera atera gara inpunitatea eta konplizitatea salatzeko: inpunitatea, erasotzaileak hogei urtez izandakoa, eta konplizitatea, kirol taldeak erakutsi duena”.
Lointek Gernika saskibaloi taldeak, berriz, oharra atera du asteleheneko manifestazioa amaitu ostean. Klubaren abokatu Juan Carlos Soto del Castillok adierazi du “inoiz, inoiz, inoiz” ez dutela jakin adingabe baten aurkako sexu-erasoen kasua zela: “Zuzendaritza Batzordeak ez du jaso kasu honen salaketarik ezta kereilarik ere, Mario Lopezek helarazi ziguna jazarpen-salaketa bat izan zen”. Taldeak Lopezen ekintzak “gaitzesten” dituela azpimarratu du, eta haurrak eta nerabeak babesteko neurriak “indartuko” dituela.
Soto del Castillok taldearen izenean barkamena eskatu du kasuaren kudeaketan egindako akatsengatik: “Hedabideen bidez akusazioaren irismena eta edukia ezagutu ondoren, agerikoa da klubak Mario Lopez kirol esparruan barne kudeaketa lanetan uzteko erabakia hartu zuenean, neurri horiek ez zirela nahikoak izan”.
Hala ere, mugimendu feministak ukatu egin du klubak gertatutakoaz orain arte ezer ez zekienik. Mugimenduko kideek azaldu dutenez, udan, “egoerari irtenbide bat emateko asmoz”, sarea klubarekin jarri zen harremanetan kasuaren berri izan zuenean, eta azpimarratu dute jakinarazi ziotela. Neurririk ez zuten hartu, eta aldaketa ez zen gertatu, ordea: “Esan ziguten bai Batzordearen eta sponsorren partetik zein jokalarien partetik entrenatzaile gisa mantentzeko adostasuna zegoela, eta horixe bera egingo zutela". Ezezkoaren aurrean, Sare Feministak amaitu egin zuen akordio batera iristeko prozesua. Lopez igandean kargugabetu du taldeak, egoera argitara atera ostean.