argia.eus
INPRIMATU
Lodifobia eta patologizazioa Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean
  • Bizkaiko e28 koordinadorak salatu du kide trans lodi batek eraso lodifoboa pairatu duela Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean.

Olaia L. Garaialde 2024ko abuztuaren 09a
Argazkia: Bizkaiko e28 koordinadora

Bizkaiko e28 koordinadorako kide batek salatu du UGI Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatera joan zela, eta iruzkin lodifoboak entzuteaz gain, testosterona ukatu ziotela lodia izateagatik. Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin dute UGIaren atarian, abuztuaren 8an.

Koordinadorako kidea UGIra joan, eta barne protokoloak direla eta psikiatria kontsultara bideratu zuten. Unitateko langileen arabera, barne protokoloaren helburua pazienteen ongizateari lehentasuna ematea da. Koordinadorako kideek zalantzan jarri dute hori, kontsultak iraun zuen ordu betean, kideak indarkeria ugari pairatu zituelako: “Emakume bat ez zela esan arren, emakumearen espektroaren barruan ere emakume maskulinoak daudela esan zioten. Horrez gain, 'gizentasun morbidoa' duen pertsona gisa izendatu zuen psikiatrak, eta esan zion argi dagoela ispilura begiratzean loditasuna dela eta islan ikusten den gorputza ezin zaiola gustatu”.

Horrekin batera kidearen identitatea zalantzan jarri zuen esanez pertsona lodi bat ez dela gai bere generoa bereizteko: “Esan zion pertsona lodi bat ezin dela transa izan argaldu eta kanon hegemonikoen barruan sartu arte”.

Terapiara doala esna arren, tratamendu psikiatrikoa eta argaltzeko medikamendu bat eman zizkion, eta testosteronarekin hastea ukatu zion kilo batzuk jaitsi arte: “Esan zion damutu egingo zela argaltzen ez bazuen eta zabor hori –testosteronari erreferentzia eginez– hartzen hasiko balitz”.

Lehen mailako harretatik artatuak izateko premia

Gaineratu dute UGIak trans pertsonak prozesu psikiatrikoetatik pasatzera behartzen dituela. Horren ondorioz, eraso lodifoboa salatu duen pertsonaren kasuan, psikiatrak erabaki du, "pertsona lodia izate hutsagatik", prozesu hormonala gelditzea: “Horrek guztiak, gure kidearen osasun mentalean, eta, beraz, hainbeste aipatzen duten ongizate horretan eragin kaltegarriak izan ditu”.

Trans pertsonen trantsizio kliniko eta hormonalak “ahalik eta seguruenak” izateko, lehen mailako arretara bideratzea eskatzen dute: “UIGa desagertzea exijitzen dugu, ez baitu trans pertsonen benetako ongizatearen alde egiten. Kontrara, trans pertsonak baztertzen eta patologizatzen ditu”.

Ez da UIGra jotzen duten pertsona sexu-genero disidenteek indarkeria kasuak salatzen dituzten lehenengo aldia. Iazko azaroan, Izei Etxeberriak, Gehituko pertsona trans, ez bitar eta intersexualen komisioko kideak salatu zuen, komisioak egindako inkesta baten arabera, arreta “txarra” eta “bortitza” pairatzen dutela eta psikiatriatik pasatzera behartzen dituztela.