argia.eus
INPRIMATU
LKSek Arrasateko udalari gomendatu dio kale garbiketa ez munizipalizatzea
  • Orain Cespa konpainiarekin daukan kontratua balio gabe geratuta, Arrasateko udala aztertzen ari da zer egin kale garbiketa zerbitzuarekin. Berriro lehiaketa publikora atera dezake; iazkoan Cespa eta Zerbitzu aurkeztu ziren. Edo zerbitzua munizipalizatu. Udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) bideragarritasun txostena eskaturik, LKS kooperatibak gomendatu dio ez hartzeko bere gain zerbitzu hori, dirua galduko lukeelako. Eztabaida dago Arrasaten.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2018ko martxoaren 16a
Arrasateko alkate Maria Ubarretxena LKSko Eneko Anzuola eta Aitor Landarekin txostena aurkezten. (Argazkia: Marijo Simon - Mondraberri)

2017ko maiatzean –Goienak kontatu duenez- Arrasateko udalak Cespari (Ferrovial taldea) eman zion kale garbiketaren kontratua, lehiaketan Serbitzuk baino eskaintza hobea eman zuelakoan. Ados ez eta Serbitzuk auzitara jo zuen, lortu duen arte kontratua baliorik gabe geratzea. Udalak prozedura osoa berriro zerotik hasi beharra daukanez, oposizioko taldeek eskatu zuten zerbitzua konpainia pribatuei  kendu eta munizipalizatzea, berrikitan Oñatin eta Hernanin egin duten moduan.

Munizipalizatzearen bideragarritasun ekonomikoa EAJren gobernu taldeak eskatu zion LKS konpainiari. LKS kooperatiba Mondragon taldeko garrantzitsuenetakoa da. Aaholkularitza, ingeniaritza eta plangintza estrategikoan berezitua, LKS partaide da Gipuzkoako hondakinen kudeaketa pribatua Zubietako erraustegian egingo duen enpresa taldean, Urbaser multinazionalarekin aliantza estrategiko bat daukalarik.

Asteazkenean, 14, LKSk bere txostena aurkeztu zuen prentsaren aurrean, udal gobernuaren ordezkariekin batean. Goienak eta Mondraberrik xehetasunez azaldu dutenez, publifikatzearen kontrako txostena aurkeztu du LKSk, baloratuz alde batetik zerbitzua garestiago aterako omen zaiola udalari eta bestetik gaur kontratua daukan Cespako langileek auzitegietara joko balute haiei kalte ordainak pagatu beharko litzaizkiekeela.

Txostenarekiko bere desadostasuna adierazi du Arrasate-Irabazi talde politikoak. Irabazik Mondraberrira bidalitako agirian dioenez, “udalekotzea defendatzen dugu hiru arrazoiengatik: Aurrezte ekonomikoagatik; Zerbitzuaren hobekuntzagatik; Langileen baldintzen hobekuntzagatik, egonkortasuna eta lan-kalitatea suposatuko dituelako.”

Irabazi-Arrasatek udalari eskatu dio txosten serio bat egiteko, jorratuz gaiaren ikuspegi ekonomikoa, juridikoa eta ekonomiko-soziala. “Beti sinestarazi digute publikoa eraginik gabekoa  dela pribatuaren aldean, askoz eraginkorragoa. Irabazi-Arrasatetik uste dugu funtsezko zerbitzuak udalekotzea ezin direla neurtu soilik termino ekonomikoetan; termino sozialetan, ingurumenetan eta kalitate arloetan ere neurtu behar da. Hausnartzen dugu LKSek egin duen txosten soilik CESPAren zerbitzuarekin soilik konparatu dela, beste aukerarik aurkeztu gabe. EAJ-PSE ez dutela sinesten oinarrizko zerbitzuen kudeaketa publikoan, eta txostena egin dela oposizioa isilarazteko”.

Arrasaten kale garbiketa kontrata pribatuen esku dago beste udal askotan bezala. (Argazkia: Mondraberri)