argia.eus
INPRIMATU
‘Liztor mutanteak’ liburuarekin egin du fikzioan debuta Santi Leonék
  • Liztor mutanteak (Susa, 2022) liburuarekin egin du debuta Santi Leonék fikzioaren alorrean. Iruñeko idazleak hamar ipuinez osaturiko bilduma aurkeztu du astelehen honetan Donostian.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko apirilaren 26a
Leire Lopez Ziluaga Susako editorea eta Santi Leoné, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Susa).

Saiakeraren alorrean egindako lanengatik zen ezaguna orain arte Leoné –Euskal Herri imajinario baten alde (2008) eta Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan (2009)–, baita hainbat hedabidetan egindako kolaborazioengatik ere –ARGIA, Berria, Euskadi Irratia, ZuZeu, Euskalerria irratia...–. Itzultzaile gisa ere jardun du, berak ekarri zuen euskarara 2011n argitaratutako Mario Vargas Llosaren Pantaleon eta bisitariak eleberria, baita iaz publikatu zen Saint-John Perse Antilletako poetaren Munduko Poesia Kaiera ere.

Hortaz, Liztor mutanteak ipuin-bilduma debuta da fikzioaren alorrean Leonérentzat, baina urtetan landutako idazkera baten emaitza ere bai. Susa argitaletxeko Leire Lopez Ziluagak nabarmendu duenez, estiloak batzen ditu lan honetako ipuin guztiak. “Diskurtsoa antolatzeko modu berea du idazleak, sintaxia josteko, hitzak aukeratzeko modu propioa. Akotazioen garrantzia ere azpimarratuko nuke, beti baitago narratzailea zerbait xeheago azaltzeko prest. Umorearen erabilera ere nabarmentzen da, bizitzaren iluntasunaren aurrean sortzen den umore mota hori, hain zuzen ere. Eta mundu erreferentzial bat, zonbiek, superheroiek, film batzuek osatutakoa”.

Editorearen ustez, liburuak badu “halako ukitu pop bat tarteka” eta horrek J Martina taldearen azken diskoko kanta bat gogora ekarri dio: “Ez dut hau nahi, gehiago nahi dut, gehiago nahi dut”, kantatzen du Larrabetzuko taldeak eta, abesti horretan bezala, Liztor mutanteak-eko pertsonaietako askok “gustura egingo lukete ihes bizi duten errealitatetik, gehiago nahi dute haiek ere, eta superheroi eta abarrek ‘gehiago’ hori irudikatzeko aukera ematen diete behin baino gehiagotan”. Pop erreferentzia horiekin batera, hori bai, Hölderlin edo T.S. Eliot bezalako goi-kulturako erreferentziak aurkituko ditu irakurleak ipuinetan.

Leonék Sergi Pamiès idazle kataluniarra gogora ekarriz azaldu duenez, hiru hornitzaile izan ditu ipuinok idazteko: memoria, fikzioa eta errealitatea. Horregatik, ipuinetako askotan aurki daitezke benetan berari gertatutako pasadizoak, baina material hori transformatu du, besteak beste egilearen ezaugarri negatibo batzuk muturrera eramanez, liburuko pertsonaiak sortzeko. Badira fikzioaren arauen arabera jokatzen duten protagonistak ere, liburuari titulua eman dion ipuinekoa adibidez, pelikula erromantikoetako eskemen arabera antolatzen baitu bere fantasia.  

Istorio askotan errepikatzen diren motiboak ere aipatu ditu idazleak, adibidez, frustrazioak, hartutako eta hartu gabeko erabakiak eta damuak. Liztor mutanteak-en bildutako narrazioak sailkatzekotan, alde batetik leudeke harreman pertsonalak ardatz dituztenak; eta bestetik, izaera metaliterarioa dutenak. Hala ere, idazleak esan duenez, literaturan ardaztutako ipuinen kasuan ere harreman pertsonalek badute zeresana, eta alderantziz.