Hernaniko Udalaren bultzadaz, Donostia inguruko udal sorta batean (Buruntzaldean eta Oarsoaldekoetan) gure erlategiak suntsitzen ari den Vespa Velutina liztor asiarra kontrolatzeko kanpainari ekingo zaio berehala. Atzo prentsaurrean Hernaniko ordezkariek, alkatea buru, eta Gipuzkoako Erlezain elkartekoek aurkeztutakoak zehaztasunez bildu ditu Hernaniko Kronika egunkariak: "Liztor asiatikoaren kabi primarioak kentzeko kanpaina".
«Liztor asiatikoaren erreginak orain ari dira habia primarioak egiten eta orain da garaia suntsitzeko. Habia bakoitzetik 200 erregina aterako lirateke eta horregatik, askoz eraginkorragoa da orain», azaldu zuen atzo prentsaurrean Luis Intxauspe alkateak.
Marijo Garcia Hernaniko Babes Zibileko teknikariak azaldu zuen, habia primario horiek oso txikiak direla, etxe inguruetan egoten direla eta edozeinek suntsitu ditzazkeela. Horregatik, udaberriko aukera hori baliatzeko, Buruntzalde eta Oarsoaldeko udal batzuek kanpaina berezia egingo dute beren herritarren artean.
Herritarrak behar bezala informatzeko, diptikoak banatuko dituzte etxez etxe. Kanpaina martxan duten udal guztiak kontuan hartuta, 29.000 diptiko banatuko dira; horietatik 8.000 Hernanin. Kartelak ere jarriko dituzte umeak ibiltzen diren guneetan.
Horrez gain, hitzaldiak antolatu dituzte gaia jendartean ezagutarazteko. Hernaniko Udalak bere aldetik 9 tranpa berezi ere jarriko ditu, udaberriko erregina gazteotatik ahalik eta gehien harrapatzeko, erlezain bakoitzak bere kofoinen inguruan egiten duen gisan.
Vespa Velutinak udan bigarren habia handiagoa egiten du, telebista eta bideoz ikusirik herritarrek on ezagutzen duten hori. Orduan hasiko da kanpainaren bigarren fasea.
Udan liztorrarentzako protokoloarekin jarraituko da herri guztiotan: aurkitutako habiaren parte eman udalari, ahal badute suhiltzaileek kendu, horiek ezinean Diputazioak dauzkan basozainek kendu, eta azken aukera bezala erlezainak berak ahalegintzen dira habiok kentzen.
Hernaniko Udalak ekipamendu berezia jarriko du herrian lan horretan beren borondatez aritzen diren erlezainen esku, liztorren koskadizo eta pozotik babesteko.
Bestalde, Hernaniko hainbat talderekin elkarlanean udan zuhaitzen hosto artean ikusten zailagoak diren habia handiak aurkitzeko boluntario taldeak sustatu nahi lituzke udalak.