Irailaren 30ean, Iruñeko Kafe Antzokian egingo den ekitaldi batekin ospatuko dute "euskaldun eta euskaltzaleekin" Euskalerria Irratiari lizentzia eman diotela.
"Gure lizentziarekin zenbat jende poztu den ikustea izan da gure pozik handiena". Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren hitzak dira. Zorion mezu andana jaso dute, abuztuaren 28an lizentzia jasoko zutela jakin zenetik, euskaldunenak baita euskaldun ez diren euskaltzaleenak ere.
Horregatik, Iruñerriko euskal hiztunen komunitateko ordezkariekin batera egin nahi izan dute lizentziaren balorazioaren prentsaurrekoa: euskalgintzako 21 eragile izan dira haiekin batera, haien poza konpartitzen. Ordezkarioi ez ezik, irratiak aken 27 urteotan bidelagun izan dituen akziodun, bazkide, iragarle eta kolabortzaileei eskerrak eman dizkie Bujandak. "Orain arte bidelagun eduki zaituztegu, eta hemendik aurrera ere eduki nahi eta behar zaituztegu", esan die Bujandak.
“Diskriminazio luze baten amaiera da. Besteak bezalako baldintzetan ariko gara aurrerantzean, lizentziari dagokionez. Baina ezin da ahaztu gurea hizkuntza ahula dela, errealitate soziolinguistiko ahul batean”, azaldu du irratiko zuzendariak. Horregatik, “denon bultzada beharrezkoa da euskara komunikazio tresta baliotsu eta funtzionala izan dadin”.
Euskalerria Irratiari lizentzia eman diotela-eta poztu diren euskaldun eta euskaltzaleei hori ospatzeko aukera eskaini nahi die Euskalerria Irratiak, Maialen Huarte esatariak azaldu duenez. Hori horrela, irailaren 30ean, 20:00etan, Iruñeko Kafe Antzokian festa eginen dute. The Broken Brothers Brass Band, Demode Quartet eta Esne Beltzako Xabi, Dz eta Pinik zuzenean joko dute. Sarrera ordaindu beharrik ez da izanen. “Espero dezagun aurrerantzean Nafarroako euskalgintzak albiste on gehiago ospatu ahjal izatea”, adierazi du Huartek.
Hori guztiori horrela, irratiari erronka berri hainbat iritsi zaizkio lizentziarekin batera. Lehenik eta behin, epe motzean, Iruñerri osora indarrez helarazi nahi du bere seinalea, azken urteotan horretarako arazo handiak eduki baititu. Epe ertainean, programazioa zabaldu nahi du, nahiz eta dagoeneko Iruñerrian tokiko programazio ordu gehien eskaintzen duen irratia den.
Denboraldi berriko programazioari dagokionez, Juan Kruz Lakastak nabarmendu du Nafarroak aldaketa historikoa bizi duen honetan, aldaketa horri plaza, topagunea, eztabaidagunea eskaini nahi diola irratiak. Esaterako, Iruñerriko alkateen tertulia jarriko du abian. “Duela gutxi pentsaezina zen halakorik egitea. Orain, berriz, alkate euskaldun asko dauzkagu, azaldu du Lakastak.
Bestalde, irrati ikusgarri izanen da denboraldi berrian; izan ere, Nafar Telebistak Euskalerria Irratiaren goizeko saioa, Metropoli Forala, zuzenean eskainiko du urritik aurrera.
EUSKALGINTZA
-Euskaltzaindia: Andres Iñigo.
-Kontseilua: Paul Bilbao.
-Topagunea: Oskar Zapata.
-Behatokia: Garbiñe Petriati.
-Euskal Herrian Euskaraz: Gorka Iriarte.
-Euskara Kultur Elkargoa: Xabier Epaltza.
-Eusko Kultur Fundazioa: Xabi Lozano.
-Nafarroako Bertsozaleen Elkartea: Lorea Arburua.
KOMUNIKABIDEAK
-Hekimen: Alberto Barandiaran.
-Tokikom: Alaitz Artolazabal.
-Berria: Joxerra Senar.
-Argia: Xabier Letona.
IRAKASKUNTZA
AEK: Xabi Gartzia.
IKA: Sagrario Aleman.
Sortzen: Sergio Iribarren.
Nafarroako Ikastolen Elkartea: Josu Reparaz.
Dindaia Fundazioa: Esther Lakasta.
EUSKARA ELKARTEAK
-Karrikiri (Iruñea): Juan Luis Etxaburu eta Gaizka Zubizarreta. -Zaldiko Maldiko Elkartea (Iruñea): Juan Javier Iturralde.
-Zorroka (Berriozar): Mikel Ortigosa.
-Karrikaluze (Atarrabia): Maider Iriarte, Iker Moreno.
-Biltoki (Txantrea): Marian Gorraiz.
[Albiste honen testu originala Euskalerria Irratiaren webgunean aurkituko duzu; lizentzia libreari esker ekarri dugu hona]