argia.eus
INPRIMATU
Lizentzia azkenean, erori da harresia
  • Azkar esaten da, 30 urteren ondoren Euskalerria Irratiak bere jarduerarako legezko lizentzia lortu du. Azkenean, 1987ko azaroan ekin zion emititzeari, baina lizentziarik gabe.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko abuztuaren 28a

Kafkiarra da, baina hala aritu da gaur arte, euskarazko irrati txiki baten jarduera sinbolo bihurtzeraino. Biziraupenaren sinbolo: Iruñerrian irratigintza euskaraz egiteko eskubidearen sinbolo lehenik, eta baita ere Iruñerriko euskaldun eta euskaltzaleen sinbolo ere.

Ikurra euskal hiztunentzat, eta ikurra euskararen aurrean hamarkadatan oztopo mendia eraiki duen UPNrentzat ere. Gobernua joan, gobernua etorri, lehiaketak gora eta behera, elegitea harat-honat, manifestazioa orain eta geroago ere bai… Euskalerria Irratiaren lizentzia harresi sinboliko bilakatu zuen “corralito”aren nabarrismoak: “Ez dira pasako!”. Baskoak, jakina.

Neke eta zailtasun kontaezinez egin du bide hori guztia Euskalerria irratiak, funtsean langileek, baina baita era batera ala bestera sostengatu duten pertsona guztiek ere. Hiztun komunitate baten sinbolo izan da irratia, eta komunitate horren indar eta ahulgune guztiak islatu dira harengan. Komunitatearen aberastasuna eta kalitatea batetik, komunitate horren ezina bestetik.

Lizentzia lorpena irratiaren lan gogor eta borroka luzearen ondorio da, baina baita ere Nafarroan azken urteetan ematen ari diren aldaketa politiko eta sozialen fruitu ere. Sinboloa lortuta, orain sosak behar ditu irratiak, UPNk ukapen sinboliko bihurtu zituen diru-laguntzak normalizazio adierazle eta lanerako akuilu bilaka daitezen.

Pena bakarra: berandu baino lehen gertatuko zela bazekien ere, Eugenio Arraizak hain egun gutxiren tarteagatik une hau ezin bizi izana.