argia.eus
INPRIMATU
Lizarran Navarra Sumaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik
  • Astelehen goizean erregistratu dute Gonzalo Fuentes Urriza Navarra Sumako alkatearen aurkako zentsura mozioa. Orain, hamar eguneko epea dago Lizarrako Udalbatzak zentsura mozioa bozka dezan. Legealdia amaiera arteko alkatetza denborak ere adostu dituzte.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 09a
Argazkian joan den legealdiko irudi bat. Ezkerrean Koldo Leoz, orain berriz alkatetza hartuko lukeena. (Arg.: Argazki Press / Jaizki Fontaneda). Argazkian joan den legealdiko irudi bat. Ezkerrean Koldo Leoz, orain berriz alkatetza hartuko lukeena. (Arg.: Argazki Press / Jaizki Fontaneda).

Hitzarmenaren sinatzaileak ados daude lehenbailehen leheneratu behar dela udalaren egoera: "Navarra Sumako alkateak eta bere gobernu talde osoak behin eta berriz erakutsi dute erabakiak hartzerako garaian duten jokabide autoritarioa eta sektarioa, Udala kudeatzeko gaitasun falta eta nabarmena da gure hiriarentzako proiektu falta. Hortaz, hori dena ikusita, zentsura mozioaren sorburuan dago UPN, PP eta C´s eskuinak Estella-Lizarrako Alkatetzatik atera beharra".

Zentsura mozioa adostu dutenek bidalitako agirian diotenez, "ezinbestekotzat dute egoera hau are gehiago ez luzatzea eta, jabetu arren talde politikoen artean dauden ezberdintasunekin, urrats bat aurrera eman dute eskuzabaltasunez eta herritarrekiko erabateko konpromisoz". Koldo Leoz Garciandía, Uxua Domblás Ibáñez, Regino Etxabe Díaz, Edurne Ruiz Armendáriz, Maider Barbarin Pérez de Viñaspre, Unai Errazkin Peña, Jorge Crespo Ganuza, Magdalena Hernández Salazar eta Pablo Ezkurra Fernández zinegotziek astelehen goizean erregistratu dute eskaera.

Halaber, gobernu hitzarmena sinatu dute geratzen den legegintzaldirako eta bertan jasotzen dira hartutako konpromisoak: "Hauek definizio eta zehaztasun maila handiagoa izango dute udal sailetako batzorde-burutzak osatzen direnean".

Hitzarmenean adosten da Alkatetza EH Bilduko zinegotzi den Koldo Leoz Garciandiak hartuko duela, kargua hartzen duenetik 2022ko martxoaren 1era arte, eta ondoren Jorge Crespo Ganuzak eskuratuko duela..