Duela hogei urte inguru sortu zuten Allotarra elkartea Lizarraldean oliba ekologikoak ekoizten zituzten zenbait ekoizlek. “Geroztik, elkartera kide gehiago batzen joan dira, eta pixkanaka olibondo gehiago jarri ditugu”, azaldu du Eusebio Gaintza kideak. Gaur egun, 60 bat hektarea olibondo dituzte hamar kideren artean. Arroniz barietatearekin egiten dute lan, batik bat, eta barietate hori zaintzea eta zabaltzea dute helburu. Duela sei urtetik, olio-errota ere martxan dute Deikaztelun. “Olioa egiteko inguruko beste errota batzuetara eraman beharra genituen olibak, eta, azkenean, erabaki genuen gure instalakuntzak egitea aukera ona zela”. Ekoizpen nagusia olibena izan arren, garagarra, ilarrak, boilurrak eta bestelakoak ere ekoizten dituzte elkarteko zenbait kidek.
Allotarra elkartearekin lotura estua duen Biosasun proiektuak du olio-errota Deikazteluko lurretan, eta elkartetik hari saltzen dizkiote olibak olioa egiteko. “Lehen, Arronizko Mendia olio-errotara generaman gure produktua, baina, han ez dute ekologikoan lan egiten. Gerora, Ekoloren errota txikia sortu zen han bertan, guk ere parte hartu genuen sorreran” dio ekoizleak. Denborarekin, baina, haien olio-errota propioa sortzea erabaki zuten taldekideek, oliba olioaren inguruko zenbait ikerketa egin eta gero. “Gure errota oso berezia da, olioa polifenol kantitate altuekin ekoizten baitu”, azaldu du.
Baina, zer da polifenola? Odoleko lipidoak oxidatzetik babesten dituen antioxidatzaile naturala da. Olio kantitate txikia ekoizten dute Deikazteluko errotan ingurukoekin alderatuta, baina kalitatean irabaztea da bilatzen dutena, polifenoletan begia jarrita. Eta, olioaz gain, olibatik eratorritako bestelako produktu berritzaileak ere bultzatu dituzte, hala nola, kefirra eta konbutxa. “Birbizi proiektua sortu genuen olio-errotako soberakinak aprobetxatzeko: oliben hezur lehortua eta oliba-ura ateratzen ditugu”. Hezurrak, txikituta, abereentzako bazka moduan erabiltzen dituzte, eta oliba urarekin, berriz, aipatutako probiotikoak ekoizten.
Allotarra elkartearen lana ez da, dena den, oliba ekoizpenera mugatzen, 2019tik produktu ekologikoen denda ere martxan baitute Allon. Hurbileko ekoizleen elikagaiak saltzen dituzte, eta tokian bertan erosteko aukeraz gain, webgunearen bidez egiteko aukera ere eskaintzen dute. “Lizarraldean ekoitzitako piperrak, zainzuriak, barazkiak… denetik saltzen dugu, baina baita hemen ez dauden eta urrunagotik ekartzen ditugun produktu ekologikoak ere: txakolina, laranjak…”.
Lau langile ari dira egun Allotarra proiektuan lanean. Denetik egitea dagokiela azaldu du Gaintzak: ikerketa, nekazaritza lana nahiz dendako arreta. “Aurrera begira, egitasmo gehiago ere baditugu esku artean. Esaterako, boilur ekoizleekin harremanetan gaude horri lotutako produktu bereziak ekoizten hasteko”, aurreratu du.