argia.eus
INPRIMATU
Lizarrako zahar-etxeko langileak bertan bizitzen jarri dira, zaharrak ez kutsatzeko
  • Maletak egin, etxekoak agurtu eta lantokia bihurtu dute itxialdi leku 15 langilek. Beste zahar-etxe batzutan eman diren kutsadura eta heriotz kasu larriak ikusirik, San Jerónimo egoitzan bizi diren 62 zaharrak babestu nahi dituzte modu horretan.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 25

Noticias de Navarrak eman du albistea. Martxoaren 23 iluntzean sartu dira zahar-etxean 15 zaintzaileak, eta bertatik ez dira aterako koronabirusaren une gailurra pasa arte. Langileena izan da ekimena, eta martxoaren 20an hartu zuten erabakia, zahar etxeko zuzendaria den David Cabrerorekin batera.

Sintomarik ez zutela frogatu eta erraza egin ez zaien erabakia hartu zuten. Cabreroren hitz hauek jaso ditu aipatutako egunkariak: "Kulpa sentimendua geneukan, lanera joanda koronabirusa zahar etxera eramaten ari gintezkeelako. Egin behar genuena hauxe dela uste genuen. Gure lanarekiko arduraz".

Itxialdirako tresnak

Zahar-etxea erabat aislatzeko, zaharrek ezin dute familien bisitarik jaso. Kanpoko hesira inguratzen dira kasu egitera, eta bideo-dei ugariren bidez mantentzen dute harremana.

Zahar-etxea bizitoki egin duten langileek adierazi dute, beren lan txanda bukatzean eta zaharrak lotara joaten direnean, bakoitzak bere buruarentzako denbora eta espazioa izatea dutela helburu, laneko estresak botatzeko. Aitortu dute bakoitzari bere etxekoengandik urrun egotea egingo zaiola gogorrena.