argia.eus
INPRIMATU
Lizarrako UPNk eskoletako bertsolaritza programa eten du
  • Lizarraldean euskara sustatzeko lana egiten duen Bagara elkarteak egin du salaketa: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko otsailaren 18a
Ahotsa.info-tik hartuta

Ikasturte oso batez, Lehen Hezkuntzako 5. mailan, Lizarrako Remontibal ikastetxe publikoko gazteek bertsolaritza ikastaroa jasotzen dute. Programaren bigarren zatian egon behar lukete orain, ikasturtearen bigarren partean, baina Lizarrako Udalak (UPN) programa eten du. Programaren lehen zatia normaltasunez egin zuten, hori Nafarroako Gobernuak ordaintzen duelako; bigarrena, Lizarrako Udalak.

Lizarraldean euskara sustatzeko lanean ari den Bagara elkarteak egin du salaketa, eta Ahotsa.info-k jaso albiste honetan. "Euskaran, euskal kulturan eta historian murgiltzeko modua da" bertsolaritza programa Lizarrako ikastetxe publikoan ematea, elkartearen esanetan, eta hainbat balio eta gaitasun sustatzen direla ere gogorarazi diote Lizarrako Udalari: "Sorkuntzarako gaitasuna bultzatzen da eta pentsamendua kritikoa lantzen, hori guztia ikuspegi ludikotik, gozamenean oinarrituta".

Bagara elkarteak gogorarazi du Lizarrako Udalaren enegarren urratsa dela euskararen aurka doana. Ondorengo hauek zerrendatu dituzte: Euskara Merkataritzara programatik atera zela udala, haurrei zuzendutako Brinka programa bertan behera utzi zuela, Korrikaren kilometroa erosi ez, jaietan haurrentzako euskarazko ikuskizunik ez, aurrekontu orokorretan euskarari zuzendutako diru poltsak murriztu... Kultura K-z ere bada kanpaina du abian Lizarraldeko Bagara elkarteak, "hizkuntza eskubideetan atzerakada berri eta larrien aurrean".