Udaltzaingoak ostegunean deklaratzera deitu du Raimundo el Canastero taldeko abeslaria, Lizarrako jaietan txosnak debekatzearen aurka sareratu duten abestiagatik. Ondoren, aske utzi dute, baina ikerketak aurrera jarraituko du. Sarean zentsuraren aurkako eta elkartasun mezuak jasotzen ari da Lizarrako taldea.
Lizarrako UPNk Raimundo el Canastero Herriko musika taldea salatu du Beff D 'Alda abestiagatik. Abesti horretan Lizarrako Udala kritikatu dute txosnak eta La Bota peñak euren ohiko lekuetan jartzeko baimenik ez emateagatik. Umorez, ironiaz eta kritikaz betetako abestia da, Marta Ruiz de Alda alkateari zuzendutakoa, baina UPNren esanetan, alkatearen aurkako heriotza-mehatxuak egin dituzte. Hala, salaketak eragin lezake musika taldea gorroto delitua leporatzea.
Gobernu taldeak ezohiko eta premiazko osoko bilkura antolatu zuen asteazken arratsaldean, mozio bat bozkatu eta abestia gaitzesteko. Mozioa Udaleko hiru alderdi espainolistek babestu zuten: UPN, PSN eta PP. Oposizioak puntuka bozkatzeko eskatu zuen, akordioan hainbat gai nahasten ari zirela iritzita. Azkenik, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin abstenitu egin ziren, gainerako alderdiek abestiarekin egin nahi izan duten “erabilera alderdikoiagatik”.
Raimundo el Canasterok erantzun du abestiaren tonua "komikoa eta ironikoa" dela eta "ez dela gorrotoaren erakusgarri, eta ez duela inor jaietan indarkeriazko ekintzak egitera bultzatzen". Baina azpimarratu dutenez, "Lizarrako gazteen zati handi batean dagoen amorru eta ezintasun sentimendua islatzen du, hainbeste urtetan landu duten jai-eredua, begi kliskada batez lurperatua izan baitute".
Gainera, abestian 'quítala' (kendu ezazu) eta ‘mátala' (hil ezazu) esamoldeak erabiltzen direla azaldu dute, baina ez diotela alkateari erreferentzia egiten. Abestiak honela dio gaztelaniaz: "Ken ezazu (puta txosna), begi-bistatik kendu. Hil ezazu (ze aspergarria!), horregatik da Lizarra zurea". Hau da, esandakoaren zentzua honako hau da taldearen esanetan: “’Kendu txosna eta hil ezazu Lizarra asperduraz', hori baita, gure ustez, gobernu talde honek egiten duena".
Nolanahi ere, kolektiboak ondokoa adierazi du: "Edo ez dugu ondo hitz egiten jakin (hala bada, sentitzen dugu) edo udal honetako kideek ulertzeko gaitasun arazo handia dute. Abesti bilakatutako umorea eta satira gobernatuek beti erabili izan dituzte gobernariak lotsagorritzeko (eta, are gehiago, haserretzeko) eta protesta egiteko. Izan ere, hori da festa hauetarako egin ahal izan dugun apurra. Bufoikeria-ekintza sinple hau ikertu eta salatu egin dute. Barre ala negar egingo dugu? ".
Azken orduetan, musika taldea sarean hainbat elkartasun mezu jasotzen ari da zentsura salaketaren aurrean.