Kirol entrenamenduak daudela argudiatuz, otsailaren 4 eta 5ean Lizarrako kiroldegian pailazoen ikuskizuna egiteko eskaerari ezetz esan dio Gonzalo Fuentes alkateak, Naiz-ek jaso duenez.
Garean Euskaldunon Elkarteak egin zuen eskaera, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ekitaldia Lizarreria kiroldegian egiteko. “Kiroldegian entrenamenduak daude eta kirol instalazio bat denez, horiei eman behar zaie lehentasuna” erantzun du Navarra Sumako alkateak.
Jakina denez, Iruñeko udal gobernuak ere (Navarra Suma) ez zien pailazoei Baluarten ikuskizuna egiten utzi. Erantzuna: Anaitasuna pabiloia jendez gainezka zela egin zuten ikuskizuna hiriburuan.
Burlatan ere ikuskizunaren aurka azaldu zen Navarra Suma, baina alderdi politikoak gutxiengoa du han, eta ez zen betoa aurrera atera.