Juan Jose Lizarbe izendatu dute 'Goicoechea auzia' ikertzeko batzordeko presidente. PSNk soilik aurkeztu du hautagaia eta alderdi guztien babesa jaso du, UPNrena salbu.
Lan taldeak hilaren 28an aurkeztuko ditu ondorioak. Parte hartuko duten ordezkariak dira: Carlos García Adanero eta Sergio Sayas (UPN), Pedro Rascon eta Juan Jose Lizarbe (PSN), Maiorga Ramirez eta Bikendi Barea (Bildu), Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez (Aralar-NaBai), Ana Beltran eta Enrique Marin (PPN), Jose Miguel Nuin eta Txema Mauleon (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi (Geroa Bai).
Barcina: "Ez da gauza bera Bilduk udaletan babestea, edo Parlamentuan egitea"
Lizarbe buru duen batzordeak "azkeneraino" ikertzea nahi duela esan du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak, SER irratiari eskainitako elkarizketan.
Ogasun sailburu Lourdes Goicoechea ustez bezero ohi baten mesedetan aritu izanari dagokionez, Barcinak esan du "testuingurutik aterea" dagoela: "Kontu humanitarioa zen".
Aurrez egin bezala, PSNri "marra gorria" gainditu izana leporatu dio berriro, Bilduren babesa beharko lukeen zentsura mozioari erreferentzia eginez. "Ikerketa batzordea mozioa aurrera eramateko aitzakia besterik ez da".
Bestalde, adierazi du Bilduk ez dituela bere botoak sekula doan emango: "Nola azalduko die bere boto emaileei botoa hutsaren truke ematen dutela; Gobernuan ez dutela eraginik izango".
Gaineratu du Tafalla eta Erriberriko udaletan UPNk ez duela deus adostu Bildurekin. "UPNk oso argi du bide-orria; ez dugu itunik egin, ezta egingo ere".