11 proiektu aurkeztu dira sariketara eta epaimahaiak Lizar Begoñaren Itzalkinak eguzkitan eleberri proiektua aukeratu du bekaz laguntzeko.
Asteazkenean eman dute ezagutzera XXV. Igartza Sariaren irabazlea. Garazi Kamio, Irati Jimenez eta Oihane Amantegik osatutako epaimahaiak deialdira aurkeztutako 11 proiekturen artean aukeratu behar izan du, eta Lizar Begoña (Sopela, 1996) eta hark aurkeztutako Itzalkinak eguzkitan proiektua hautatu du bekaz laguntzeko.
Itzalkinak eguzkitan eleberri proiektuak Benidorm du atze-oihal, gune turistikoetan kokatutako kiosko bat zehazki, eta bertan lan egiten duten emakumezko bi dira protagonistak. "Gainbehera datorren negozioa, inguru kitsch bat, bi belaunalditako andrazkoen bizikizunak… Gertakizunekin batera josiko dira emozio, oroitzapen eta hausnarketak", aurreratu dute saritzaileek.
Arte Ederretan graduatua da Begoña, eta argitaratuak ditu bi poesia-liburu: Aro beilegia poesia-bilduma (Balea zuria, 2020), Donostia Kultura saria irabazitakoa, eta Gepardo japoniarrak (Susa, 2022).
Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak bultzatzen duten sariaren hogeita bosgarren edizioa da aurtengoa. Sariaren helburua da idazle gazteen proiektu literarioak bultzatzea, eta hargatik 6.000 euroko bekarekin laguntzen zaio irabazleari. Saria onartuta, saridunak lana argitaratzeko konpromisoa hartzen du.