argia.eus
INPRIMATU
Lixiba etxean, lixiba kalean, eta orain lixiba, hondartzan?
  • Etxean lixibarekin izandako istripu kopuruak gora egin du konfinamendua hasi zenetik. Euskal Herriko herri askotan garbitzaileak ari dira kaleak lixibarekin desinfektatzen eta hala ibili dira Espainiako Armadako kideak ere. Koronabirusari aurre egiteko balioko duelakoan, dena lixibatik pasarazteko moda nora eta hondartzara ere eraman dute Andaluzian.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 29a
Zahara de los Atunes herriko hondartzaren \"desinfektazioa\".

Oso denbora laburrean, lixiba bilakatu da etxean zein espazio publikoan gure bidaide. Eta gero eta gehiago dira haren erabilera neurrigabeak dakarren arriskuaz azpimarra jartzen ari direnak.

Etxean

Espainiako Estatuan larrialdi egoera ezartzearekin batera, alarmak piztu ziren Informazio Toxikologikoko Zerbitzuan. Martxoaren 9tik apirilaren 12ra bitartean,% 15 igo ziren intoxikazioekin lotutako kontsultak, iazko epe berarekin alderatuta.

"Garbiketa-produktuei buruzko ohikoa baino kontsulta gehiago zegoen, baita haien erabilerak eragindako intoxikazio gehiago ere", adierazi dio Newtral.es atariari zerbitzuko arduradunak, "zehazki, lixiba edo produktu-nahasketen erabileragatik".

Lixiba gehiegi erabiltzeak toxikotasuna dakar, eta beste produktu batzuekin nahastean (amoniakoa, salfumana, ozpina, alkohola..), ez dira efektu toxikoak batzen, biderkatu baizik.

Kalean

Gure inguruko herri gehienetan ikusiko ditugu udal brigadako kideak, buzo txuriak jantzita, ura eta lixiba nahastuta, herriko txoko eta bazter gehienak fumigatzen. Egunero.

Horren eraginkortasunaz eta eragin dezakeen kalteaz kezkatuta, Parisko udalak adituengana jo eta erantzuna argia izan zen: "Osasun Agentziak zein Frantziako Osasun Ministerioak ez dute inolaz ere gomendatzen kaleak lixibaz desinfektatzea". Nagusiki, "birusak gainazaletan duen iraunkortasun txikiagatik". Hori kontuan hartuta, ingurumenean dagoen karga birala "hutsaltzat" jo behar dela diote.

Horrez gain, ez dira gutxi honezkero kalean botatako lixiba uretara filtratzeko arriskuaz ahotsa zabaldu dutenak.

Hondartzan?

Haurrak aire zabalera ateratzeko baimena indarrean jartzearekin batera, Andaluziako Zahara de los Atunes herriko Auzo Batzarrak eta Merkatarien Elkarteak sustatu dute herrian bertan dauden hondartzak lixibaz fumigatzeko kanpaina bat, “adingabeak segurtasunez paseatu daitezen”, Canal Sur hedabide publikoak jaso duenez. Eta hala egin zuten lixibarekin nahastutako urez, % 2ko proportzioan. Horregatik, Andaluziako Juntako probintzia-arduradunek eta herritarren zenbait taldek hori salatu dute, “Ingurumen- eta osasun-baimenik gabe” egin zutelako, eta “dunei kalte larria eragin dakiekelako eta espezie asko arriskuan jar daitekeelako lixiba isuriagatik”. Eta hala, zentzuz jokatzeko eskatu diete.

Zaharako Auzo Batzordeko arduradunak dagoeneko onartu behar izan du "ekintza okerra" izan zela, eta hondartza fumigatu zutela adingabeak “babesteko asmoz”, itsasoaren ondoan paseatu ahal izateko. Greenpeace erakundeak ironiaz adierazi duenez, lixiba erabiltzea "ez da Trumpen ideia soilik, Cadizen ere gertatzen ari da".

Aipatzekoa da, Cadizko herri horretan orain arte ez dela koronabirus kasu positibo bakar bat izan. Herriko sarreran “fumigazio-arku” bat jarri dute herrira sartzen diren autoak “desinfektatzeko”.