argia.eus
INPRIMATU
Liverpooleko bi zaleren suizidioak lotu dituzte 1989ko tragediaren oroitzapenekin
  • L'Equipe egunkari frantziarrak publikatu du albistea: 2022ko Txapeldunen Ligako finala jaso zuen Stade de France futbol estadioaren inguruan gertatutako istiluek erdian harrapatu zituzten bi lagunek beren buruaz beste egin dute. Liverpooleko zaleak ziren biak; duela 33 urte Hillsborough-en bizitakoa sufritu zuten –97 zale hil ziren, jende pilaketak azpian harrapatuta–, eta HSSA elkarteko presidente Peter Scarfe-ren hitzetan, 1989an eta pasa den maiatzean bizitakoek lotura zuzena dute suizidioekin.

Jon Torner Zabala @jtorner 2022ko irailaren 29a
2022ko Txapeldunen Ligako finala hasi aurreko irudia. Bizitako kaosak 1989an sufritutakoa berpiztu zuen Liverpooleko hainbat zalerengan / Paris Match

"Ezin dut suizidioei buruzko xehetasun gehiago eman, ikerketak euren bidea jarraitzen ari direlako, salbu eta bi lagunetako batek Saint-Deniseko [Estade de France] finala jokatu eta astebetera egin zuela bere buruaz beste, eta bigarrenak pasa den astean", azaldu du HSSA biktimen laguntzarako Hillsborough Survivors Support Alliance elkarteko presidenteak. "Biktimek 52 eta 63 urte zituzten eta ez da dudarik, ekintza konponezin hau egin badute, izan dela Txapeldunen Ligako finalak ber-aktibatu egin zielako 1989an gertatutakoa, ustez gaindituta zutena".

"1989ko oroitzapenak berpiztu zaizkie", dio Scarfek, Stade de France-ko eta Hillsborough-eko gertakariek ezaugarri bertsuak dituztelako: jende uholdeak (botila-lepoak), tunel batean pilatutako pertsonak, edota estadiora sartu ahal izateko tornoak blokeaturik. Horrez gain, gaineratu du  akusazio faltsuak egin dituztela 1989an Ingalaterrako Poliziak bezala 2022ko maiatzean Frantziako Gobernuak, "gertatutakoen erantzule Liverpool-eko zaleak eginez".