Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan, hegoaldetar euskal gaixoon ideia turistiko propioa côte Basque-ri buruz, ez duena antzekotasunik, e, horrenbeste kritikatzen den frantziar eta ingelesen begiradarekin alderatuta. Baina kritikagarriak, biak. Enpin, desmitifikatzeko hori guztia, joan gehiagotan eta egon isilago, pasa oharkabeago. Baina joan, azaldu eta hartu parte. Bateragarriak dira biak, baitezpada egitekoak.
Eta, gero, nahi bada, kontatu lagun hurkoei unerik hunkigarrienak. Baina egin mitifikaziorik gabe, ezta hurrengorako inbasio plan bat diseinatzeko asmoz ere. Kontatu, pasatu gabe. Eta leitu horri buruzko gauzak han-hemen, ahal bada. Ez dut uste kasualitatea denik halako jazoeren kronikarik normalki apenas irakurtzea euskal deritzon prentsa hegoaldetarrean.
Zer behar du bi herriren arteko senidetze-egun batek, ez bada hitzordu fidel eta finkatu bat, herritarren baliabiderik onenak, prestuenak, jatorrenak, esku-eskura jarrita, halako leku ederrean eta eguraldiak lagunduta? Horrexegatik, bada, ez da nolanahikoa izan baigorriarren eta tafallarren aurtengo elkarrekintza eguna, Baigorriko Urdoze auzoan egina, deun guztien egunean bat eginik zelebratua.
Hainbat kointzidentziak –edo ez hain kointzidentziak– bat egin dute Urdozen. Bizkarsoro ikusi da lehenbizikoz Bizkarsoro filmatu zen lekuan, nahiz gehienek ordurako ikusia zuten duela urtebete baino gehiago estreinatu zen Josu Martínezen pelikula, dagoeneko 30.000 ikusle baino gehiago dituena Euskal Herrian... baina bazen baigorriarrik, pelikularen osteko jan-edanean aitortu duenik orain arte ez zuela beste norabait ikustera joateko ahaleginik egin. Eta, aitortu du gero, hunkitu dela.
Barrenak ukitu bezala, barreren bat ere entzun da proiekzioan, preseski algaraka egiteko ez zen eszena batean, justuki aktoreren bat azaldu denean; halakoetan, bistan da, informazioa eskapatzen zaio baigorriarra ez den bati, izan ere, barre egin baldin bada une horretan, ziur herriko zelebreren bat paper irrigarri bat antzezten agertu delako izan dela. Baina informazio-galtze aberatsa; pelikula bat bere sorlekuan ikustearen bertuteak.
Bizkarsoro ikusi da Bizkarsoron, bizkarsoroarren presentzian –200 baigorriarrek-edo hartu zuten parte pelikulan–, eta non eta Bizkarsoro grabatu zen lokalizazioetako batean, Baigorriko Urdozeko kaperan. Ermita zaharra, eder eta polita, bi pisukoa, kare-harrizko paretaduna eta U banarekin, eta posibleki saguzar bat baino gehiagorekin ere bai.
Ikusmin gehiago zen, gero, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia huntaz eta hartaz hizketan entzuteko. Paper kiribilduetan zeuzkaten kantuek eta poemek lagunduta igo dira ermitako aldarera, argi horixka goxo batek argiztatuta, eta bertan plantatu eta jesarri dira, berbatan hasteko.
Bizkarsoro ikusi eta gero, ezin bestela, lehen-lehenik, euskararen zapalkuntza gogorren garaietan eutsi ziotenei gorazarre-mezuak egin dizkiote. Fite igaro dira gaurko egunez zehar-lerro deitzen zaien gaietako batera, hau da, egunerokoa goitik-behitik baldintzatzen duen xextra horietako batera. Esan nahi baita, egoera sozioekonomikoak aldez edo moldez baldintzatzen duenez gero errealitate soziolinguistikoa, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan urtetan gertatzen ari den bizibide eta hizkuntza-ohitura aldaketaz mintzatu dira klarki-klarki. Laborantza bazter uzten ari eta merkatari aberatsek baserriak erosi eta luxuzko etxalde bihurtzen ari diren garai makurra, euskararen eta Euskal Herriaren kalterako. Kontakizun horrek izen bat du poemara eramanda, Sarrionandiak idatzia: Izen zaharrak. Abesti bihurtua du Ordorikak, Memoriaren mapan diskoan. Eta abestiaren doinua Martinezek eramana du Bizkarsoro filmera. Ez da kasualitatea izan izen eta gertakarien kateaketa hori.
Unibertsitate garaian, Bilbon ezagutu zuten elkar Sarrionandiak eta Ordorikak, euskararen alde antolatzen zen talde batean. Hortik hasi dute Huntaz eta hartaz emanaldiaren kontakizuna.
Aipatu dituzten gauzen zerrenda luzea da: My darling Clementine-n bertsioa, gerora Oskorrik atera zuena, Oh maite Kattalin... Ordorikak nola bizi izan zuen Sarrionandiaren atxiloketa, Izuen gordelekuetan barrena bere lehen poema-liburua argitaratu zen urte berean, eta Ordorikak nola eraman zuen kantura poemetako bat 1981ean, Ni ez naiz Noruegako errege diskoan, Alberto Caeiroren bisita kantua, Bakarka II azken diskoan berrartu duen abestia... Sarrionandiaren Kubako pasarteak, baita atxilo hartu aurretik Euskal Herrian ezkutatu zenekoa ere, bizipenak, anekdotak... Kontu ugari, hartaz eta honetaz, luze eta zabal hitz egin baitezakete biek ala biek. Eta spoilerrik ez, zuzenekoaren intrigarik gal ez dezan. Segur, baina, saioz saio kontatzekoak aldatuko dituztela.
“Beti da polita norberarena ez den kantu batekin bukatzea”, esanez eman dio amaierari hasiera Ordorikak. “Herriko kantaria... Erramun [Martikorena], hemen haiz, ikusi haut kanpoan... Ba ausartuko naiz”. Ama zer duzu nigarrez kantua abestu du Urdozeko ermita osoak, bakoitza bere tonuan baina baxu, Ordorika gailen dadin.
Omenaldi baten pareko zeozer izan da Urdozen bizitu dena azaroaren 1ean. Liturgia bat, ekintza ez-katolikoa, baina bai fededuna.