argia.eus
INPRIMATU
Literaturaz blaituko da Zarautz maiatzaren hasieran
  • Maiatzaren 5etik 7ra ospatuko da Literaturia. Aurtengo gaia Eten izango da, pandemiako etenaldiaren erruz sortzaileek "asko sufritu" dutelako. Zarauzko Garoa liburu dendan egin dute aurkezpena.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko apirilaren 21a
10. edizioa izango du Literaturiak, maiatzaren 5etik 7ra ospatuko da. Apirilaren 20an aurkeztu dute kartela Garoa liburu dendan, Zarautzen. (Argazkia: ARGIA)

Beste urte batez, Zarauzko Alde Zaharra euskal letren plaza bilakatuko da maiatzean. Iazkoan maiatzaren amaiera partera egin bazuten ere, aurtengo edizioa maiatzaren 5etik 7ra ospatuko da, hilaren lehendabiziko asteburuan. Lege Zaharren Enparantzan zabalduko da Literaturiako karpa nagusia; huraxe izango da liburu azokaren aterpea, baita antolatu asmo dituzten hamabost bat liburu aurkezpen eta mahai inguruen sorleku ere. "Sorkuntzari plaza eman eta irakurzaletasun hauspotzea izango da helburua", adierazi dute antolatzaileek Garoa liburu dendan eginiko agerraldian.

10. edizioa izango du Literaturiak, baina aurtengoa, Itziar Iruretagoiena kideak adierazi duenez, "berezia" izango da Doinuele Euskarazko Plazen sorrera medio.

Egitarau oparoa

Maiatzaren 5ean, ostiralez, hasiko da Literaturia, iluntzeko 20:00etan, Jon Benito idazle zarauztarraren manifestuarekin. Ondoren, berariaz jaialdi honetarako sortutako Azken oturuntza ikuskizuna eskainiko dute Aner Euzkitze, Leire Vargas, Oihana Arana eta Haizea Aranak, Modelo aretoan. Ekitaldirako sarrera 8 eurokoa izango da, eta erosten duenak 3 euroko bonua izango du liburutan xahutzeko.

Larunbata, berriz, Literaturiak eztanda egingo duen eguna izango da. Eguerdian, azokaren irekiera ekitaldia egingo da Lege Zaharren Enparantzan. Aitortza egingo zaio Iruñeko Karrikiri elkarteari, urteotan euskal literaturaren eta kulturaren alde egindako lanagatik, eta Manu Urbieta zarauztar artistaren oroigarria jasoko dute iruindarrek.

Ordu erdi eskasera, 12:30ean, Modelo aretoan, Erreteneko kronikak emanaldia izango da Lanartea Euskararen Profesionalen Elkarteko kideen eskutik. Loreak belaunetan haien dokumentalaren proiekzioa egingo da, eta jarraian, mahaiaren jiran elkartuko dira Amagoia Gurrutxaga, Koldo Izagirre, Eneritz Artetxe eta Ainara Azpiazu Axpi, elkartearen borroken inguruan mintzatzeko. (Berriki jaso ditugu haien hitzak ARGIAn).

Arratsaldeko 18:00etan, larunbatean ere eta Modelo aretoan, Hitz esana performance poetikoa eskainiko dute Ane Garciak eta Eider Perezek. Bukatzeko, 20:00etan, Kalakan musika taldeak emanaldia eskainiko du, eta horretarako ere sarrera eskuratu beharko da.

Gaztetxoenentzat ere izango da hitzordurik, izan ere, haurrentzako Literattipia atalak izango du segida urtero moduan: maiatzaren 6an, 11:00etan, Basoko sekretuak ipuin kontaketa musikatua izango da Etxezabala aretoan, Amaia Elizagoien eta Irati Celestinoren eskutik.

Itxialdia ere, beroa

Igande goizean, maiatzaren 7an, bi ekitaldi egingo dira Literaturia itxi aurretik. Goizeko 11:00etan, 1545 argitaletxearen Mare liburuaren errezitaldi musikatua izango da Modelo aretoan. Jon Martinek gidatuko du emanaldia, eta izen bereko liburuan parte hartu duten Iñigo Martinez, Ana Galarraga eta Udane Juaristiz gain, hainbat idazlek eta Zarauzko sei ikasle gaztek beraien poemak irakurriko dituzte Idoia Asurmendi musikariak lagunduta.

12:30ean, jaialdia ixteko, azokan bertan eta Bihurguneak eta bideak elkarrizketan izenpean, Itziar Ugarte, Uxue Apaolaza eta Ines Osinaga batuko dira mahai ingurura.

Sarrerak, apirilaren 24tik aurrera

Azokara sartu eta hainbat ekitalditan parte hartzea doakoa izan arren, badira ordainpeko saioak ere. Astelehenetik aurrera egongo dira salgai internet bidez, literaturia.eus atarian, eta Modelo aretoko leihatilan ere bai.