Lisabö taldeak atzo (8) aurkeztu zuen Ezlekuak bere ibilbideko bosgarren lana. Tolosako Bonberenean grabatu dute disko berria eta Martxel Mariskal arduratu da letrak idazteaz. Taldekideek azaldu zutenez, Ezlekuak izenburuak leku efimeroei egiten die erreferentzia, taldea leku horiekin identifikatzen delako. Diskoa aurkezteko emandako prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, lan berrian orain arte Lisabök izan duen nortasuna mantendu egin da. Dena dela aldaketak ere izan dituzte, orain arte Lisabön aritu den Aida Torres taldetik joan egin baita. Javi Manterola berriz, aurreko diskoan taldea utzi ondoren, itzuli egin da Ezlekuaken grabaketarako. Ez dira horiek berrikuntza bakarrak: Metak zigiluaren itxieraren ondoren Lisabö, Inoren Ero Ni eta Anari elkartu egin baitira Bidehuts zigilua sortzeko. Gainera, Ezlekuak Creative Commons lizentziapean kaleratu dute.