Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean izan dira, EH Bilduen eskariz, Espainiako Estatuan lindanoak eragindako kalteei buruzko txostena aurkezten. Europako Legebiltzarrean egindako azken bisitan talde politiko guztiek arazoari irtenbidea bilatzeko hartutako konpromisoa gogorarazi nahi izan dute.
Pozoiketa iraunkor eta isil izenburuko txostenean, Ekologistak Martxanen estatuko federazioak lindanoaren fabrikazioaren historia deskribatzen du, baita haren hondakinek sorrarazitako arazoen berri eman ere. Militante ekologistek Legebiltzarrean azpimarratu dutenez, hainbat hamarkadatan ekoitzi zen konposatu toxiko hori EAEn, eta kudeatzeko oso zailak diren milaka tona hondakin geratu dira, oraindik naturan dirautenak, kasu batzuetan ibai eta urtegietan.
Arazo eskerga horri aurre egiteko hainbat eskari egin diote administrazioari, besteak beste kutsatutako gune guztien erabateko garbiketa bermatzea. Halaber, adierazi dute lindanoarekin gertatutakoa ikertu eta behar diren erantzukizunak eskatu behar direla, eta gaiari buruzko informazioa etengabe eta gardentasunez eman behar zaiela herritarrei. Agerraldiaren amaieran, positibotzat jo dute Batzordeko talde politiko guztiek elkarlanerako agertu duten prestutasuna.