Ekologistak Martxan talde ekologistak Filtrala plataformaren bidez jakin nahi du zein toki zehatzetan egin ziren isurketa horiek. Gai toxikoa duela urteak debekaturik dagoen arren, oraindik Espainiako Estatuko erreka askotan aurki daiteke, baita Euskal Herrian ere.
Lindanoa asko zabaldu zen industriarako eta intsektizidentzako duela hainbat hamarkada, Bizkaian Chemical SA, Nexana SA edo Insecticidas Cóndor-ek produzitu edo erabiltzen zituzten, adibidez. Orain guztiz debekaturik dago, minbizia sortzen duela frogaturik geratu baita. Hala ere Espainiako Estatuko bederatzi konfederazio hidrografikoek emandako datuen arabera, lindanoak sorturiko kutsadura ohikoa da oraindik.
Hego Euskal Herrian, Ebro arroan lindano substantziaren presentzia baimendutakoaren bikoitza da eta Bizkaia eta Gipuzkoako erreketan ere erraz gainditzen du muga hori. Oiola urtegian, Lemoizko Jata mendian, Iguzkitzan eta Zadorran agertu izan dira lindano arrastoak, besteak beste.
Debekuaren aurrean, bere garaian enpresek legez kanpoko isurketak egin zituzten toki ugaritan –kasu askotan, garraiolarien ezezagutza baliatuz–, eta haien kokapen zehatza jakin ezean, ekologistek zaila ikusten dute egoerari buelta ematea. Horregatik, Espainiako Estatuan kanpaina abiatu dute Filtralarekin batera sare sozialetan, informazioa lortu aldera. Plataforma horrek ahalbidetzen du datuak modu anomimo eta seguruan ematea postakutxa birtual baten bidez.
Ekologistak Martxanen ustez herritarren parte-hartzea beharrezkoa da kutsadura arazo larri hori konpontzeko.