argia.eus
INPRIMATU
Lindanoa, osasunerako eta ingurumenerako mehatxua hamarkadak igaro ostean ere
  • Lindanoak Espainiako Estatuan eragindako kutsadurari buruzko txostena argitaratu du Ekologistak Martxanek, Pozoitze iraunkor eta isil baten kronika izenburupean. Taldeko bozeramaile Javier Vázquez Velascok Barakaldon aurkeztu duen txostenean azken mendean fabrikatutako eta modu okerrean kudeatutako lindanoaren gaineko ikerketa jasotzen da. Mugimenduaren helburua lindanoa oraindik kutsadura iturri dela salatzea da; era berean, neurriak eskatu dizkiete instituzioei.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 07a
Oiolako urtegiko kutsadura dela-eta Barakaldoko hainbat herritarrek 2016an Bruselan egindako protesta ekintza (Arg.: Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataforma)

Lindanoa hexakloroziklohexanoaren (HCH) isomero kimiko bat da, iraganean pestizida modura erabiltzen zena. EBn 2008az geroztik debekaturik dago, eta bere ezaugarriak iraunkortasuna, toxikotasuna, mugikortasuna eta biometatzea dira.

Espainiako Estatuan hainbat hamarkadatan zehar fabrikatu zen Munduko Osasun Erakundeak 2015etik kantzerigeno modura sailkatuta duen toxikotasun altuko konposatua. Fabrikarik garrantzitsuenak Barakaldo eta Sabiñanigon zeuden, baina baziren gehiago ere.

Ekoizten zen lindano tona bakoitzeko sei eta hamar tona hondakin ateratzen ziren, produktua bera bezain kutsakorrak. Hondakin horiekin kutsatutako ur eta lurrek mehatxu handia dakarte osasun publikoarentzat.

Lindanoa Euskal Herrian

Bizkaian bi konpainia aritu ziren HCHa ekoizten: Nexana S.A., Merck Alemaniako enpresa transnazionalaren filiala, Asuan (Erandio) eta Bilbao Chemical S.A., Boehringer Alemaniako beste transnazional baten filiala, Ansion (Barakaldo) kokatutakoa. Lehenak 1952tik 1982ra 7.000 tona hondakin sortu zituen eta bigarrenak 75.000, 1947tik 1987ra.

Guztira, kutsaturiko 40 gune identifikatu ziren, bai enpresen inguruetan, bai hondakinak legez kanpo isuri zirelako susmoa zegoen beste toki batzuetan. Hala ere, Ekologistak Martxanek azpimarratu du hondakin asko oraindik ezezagunak diren guneetara garraiatu zituztela. “Debekutik urteak igaro eta gero”, adierazi du talde ekologistak, “oraindik ere tarteka substantzia hau estatu osoko ubideetan detektatzen da legeak baimendutako kopuruen gainetik. Non daude lurperatuta hondakin horiek?”

Nafarroan esaterako, 70eko hamarkadan, Inquinosa fabrikatik (Sabiñanigo) lindano-ekoizpenaren hondakinak garraiatu, eta Viana eta Iguzkitzako herrietan legez kanpo isuri zituztela dio txostenak.

2016. urteko ekainean, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Sailak iragarri zuen bi herri horietan gaur egun zer kutsadura-egoera dagoen berraztertuko zuela.

Oiolako urtegiko kutsadura

Txostenak salatzen duenez, hamarkadetan egin ziren lindano-hondakinen kontrolik gabeko isurketek azaleko zein lur azpiko urak toxikotasun handiko substantziekin kutsatzea eragin dute Bizkaiko Oiola urtegian. Barakaldoko 100.000 biztanletik gora, Sestaoko 28.000 eta Alonsotegiko 3.000 urez hornitzen dituen urtegian, alegia.

2008. urteko uztailean HCH kopurua handiak detektatu ziren Oiolan. Gertaera horren ondorioz, urtegi horretatik zetorren uraren hornidura itxi egin zen.