Ekologistak Martxan-ek egin du salaketa, zuhaitzen laginak aztertu eta gero. Erakundeen arduragabekeria salatu du. Sutea piztuz gero lindanoa gas hilgarri bilakatu daitekeela ohartarazi du.
Jata eta Enekuriko basoek lindano kutsadura maila altua dutela salatu du Ekologistak Martxan talde ekologistak. Zabortegiak egon ziren bi lur-sail horietan aspaldi. Itxi egin zituzten, eta horien gainean basoa hasi da aurretik inongo garbiketarik egin gabe. Lemoizko Jatako lursailaren kutsadura orain bi urte salatu zuen elkarteak epaitegietan: kontrolik gabe botatako 10.000 tona lindano daudela kalkulatu zuten. Ordutik ez da inongo neurririk hartu. Bilboko udalerrian dagoen Enekuriko zabortegi ohiaren kutsadura egoeraz maiatzean ohartarazi zuten. Orain, Jata eta Enekuriko basoetako zuhaitzen laginak hartu eta aztertu egin dituzte.
Emaitzak argiak direla dio Ekologistak Martxanek: “Jata eta Enekuriko basoak oso kutsatuta daude”. Jatan hartutako bi zur laginetan zur kilogramo bakoitzeko 3,14 eta 6,47 miligramo lindano topatu dute. Enekuriko bietan, 1,81 eta 3,64 lindano miligramo zur kiloko.
Arrisku ugari
Jata eta Enekuriko zuhaitzak zur industriarako ustiatzen dira. “Horrek esan nahi du pozoia esportatzen ari garela zuraren eta bere deribatuen bidez”. Deribatuen artean, paperaren ekoizpena jarri dute adibide gisa.
Segurtasun eta osasun arloan dagoen bigarren arrisku bat azpimarratu du elkarte ekologistak. Lindanoa fosgeno bilakatu daiteke sutea izanez gero. “Gas hilagarri bat, I. Mundu Gerran erabiliena, eta beste alde batera begiratzen jarraitzen dute”.
Erakundeen axolagabezia
“Konponbiderako berehalako neurriak” exijitu dizkie erakundeei Ekologistak Martxanek. Eusko Jaurlaritza legez kanpoko hondakindegi horien berri zuela salatu du, “eta 30 urte pasa dira neurri zuzentzailerik hartu gabe, ingurumenean minbizi-eragilea den produktu hau hedatzen zen bitartean”. Elkarteak lindanoaren kutsaduraren inguruko Europako Parlamentuaren txostena gogorarazi du. Horren arabera, ezer ez egitea da jarrerarik “okerrena, ingurumen arazoak sortzen dituelako, konponbidearen koste ekonomikoa handitzearekin batera”. Hori dela eta, erakundeen aurkako lege ekinbideak irekitzeko aukera ez du baztertu Ekologistak Martxanek.