Azaroaren 26an abiatu zuten gatazka garbiketa enpresarekin, bertako langile batek jasandako gehiegikeriak medio. Gaur artean enpresaren partetik erantzunik jaso ez dutenez, gatazkaren izaera publikoa indartzen segi dute. Astelehenean elkarretaratzea deitu dute, enpresak Uribarri auzoko Matiko kaleko 2. zenbakian duen egoitza aurrean, 18:00etan.
Limpiezas Arana-Fernández Aguilar garbiketa enpresarentzako lan egiten duten dozenaka langileetalo batek bere kasuaren berri eman ondotik, azaroaren 26an enpresarekin gatazka abiatu zuen Bilboko Langile Autodefentsa Sareak. Enpresaburuari beren exijentziak biltzen zituen gutuna helarazi zioten, eta exijentziok bete ezean gatazkaren izaera publikoa indartzeko asmoa adierazi zuen sareak. Gaur artean enpresaren partetik erantzunik jaso ez dutenez, gatazkan urrats bat gehiago ematea erabaki dute, eta pasa den asteleheneko prentsaurrekoan iragarri bezala astelehen honetan elkarretaratzea egingo dute enpresaren egoitzako ateetan. “Klase elkartasuna eraiki! Limpiezas Arana-Fernández Aguilar esplotatzaile” lelopean, 18:00etan Matiko kaleko 2. zenbakian biltzera dei egin die herritarrei. Sarearekin kontaktuan jarritako langileak jasandako gehiegikeriak salatzeaz harago, plantilla osoak bizi duen egoera salatuko dute.
Sarera jo zuen emakumezko langileak bere kasua salatzeko asmoa agertu zuen, eta hargatik abiatu zuten gatazka. Langile Autodefentsa Sareak, bere aldetik, gatazkari bide emateko arrazoiak zehaztu zituen: langilea kontraturik gabe aritu da lanean, nahiz eta kontratuaren inguruan maiz galdegin, beharrezkoa baitu bere egoera erregularizatzeko; enpresaburuak zigor ekonomikoak aplikatu dizkio “etxebizitzak behar bezala ez garbitzeagatik”, inolako froga eta argudiorik gabe; langilea ordaindu gabeko lanak egitera behartu dute; gaixo egon denean ere, lan egitera behartuz; eta guzti horrekin batera, erabateko ordutegi malgutasuna eta disponibilitatea exijitu zaizkio, ezinezko bilakatuz lanaz haragoko egunerokoa antolatzea.
Gehiegikeria horiei guztiei langilearen egoera are gehiago okertu duen beste faktore bat gehitu zien sareak: langileari egokitu zaion lan karga, eta ondorioz hilabeteko soldata, “enpresaburuaren borondatearen araberakoa” izan dela erabat. Eta horrek, azpimarratu dutenez, dependentzia are handiagoko lan harremanari eman dio bide.
Gatazka abiatzearekin batera, laneko testuingurua gaiztotu egin zioten langileari, berau kaleratzera heltzeraino. Hasieran, langilearen aurkako difamazio kanpainari ekin zion zuzendariak, gaizki esaka arituz bere lankideekin, garbitzen zituen etxeetako jabeekin, eta baita ere bizilekutzat duen etxebizitzako jabearekin. Lan jazarpena gutxi ez, eta epe motzean enpresak kaleratu egin zuen langilea, azaroko soldata ordaindu gabe.
Limpiezas Arana enpresako langile ohiaren lan gatazka ezagutzera ematean, Langile Autodefentsa Sareak ondokoa ere salatu zuen: etxeko lanen sektoreko enpresak, beren mozkinak areagotzeko, baliatu egiten dutela sektorearen feminizazioa –horrek ahalbidetzen baitie soldatak debaluatzea, lan baldintzak okertzea eta “langile klasearen baitako geruza ezberdinen arteko arrakala” handitzea– eta langile migratuen egoera zaurgarria –esklabutza zantzudun lan harremanei bide emanez–.
“Langileriak bizi dituen zapalkuntza desberdinen aurrean, klase batasunaz jarduteko beharra azpimarratu nahi dugu”, egin du irakurketa sareak. Bide batez, gogorarazi dute “bizi dugun krisi testuinguruan proletalgoaren defentsarako gaitasunak handitzea inoiz baino beharrezkoagoa dela, egunerokoan jasaten ditugun erasoei era bateratuan erantzun ahal izateko”.
"2019an, uztaila amaieran, lanean hasi nintzen Fernández Aguilar, etxebizitza turistikoak, etxeak eta amaitutako obrak garbitzen. Enpresako gerenteak orduko zenbat ordainduko zitzaidan eta lan-baldintzak azaldu zizkidan. Lan-harremanak iraun artean, kontraturik gabe lan egitera beharturik egon nintzen, nahiz eta behin baino gehiagotan eskatu nuen.
Behin lanean hasita, ohartu nintzen nire lanaldia ez zela adostutakoa. Bai denbora zein soldata oso aldakorrak ziren, eta zenbait hilabetetan kobratu beharko nukeenaren erdia baino gutxiago kobratu nuen. Gainera, lan-baldintzak oso gogorrak ziren: etxebizitzen garbiketak edozein ordutan esleitzen zizkidaten, aldez aurretik abisatu gabe, eta lanera gaixorik joateko presioa ere egin zidaten. Badakit nire osasunak okerrera egin duela lan-baldintzen ondorioz. Hala ere, lan egiten ez banuen diru-sarrerarik izango ez nuela jakinda, haiekin jarraitu nuen.
Iraila aldera, enpresak soldata atxiki zidan eta zegokidanaren herena baino ez zitzaidan ordaindu. Behin baino gehiagotan erreklamatu ondoren, azkenean lortu nuen zor zidatenaren zati bat kobratzea, atzerapenarekin bazen ere. Une horretatik aurrera, bi deskontu gehiago egin zizkidaten abenduan eta urtarrilean, ustezko garbiketa-hutsegiteengatik.
2020. urtean, konfinamenduaren ondoren, enpresak soldataren ausazko deskontuekin jarraitzea erabaki zuen, langileok bizi genuen egoera kontuan hartu gabe: soilik alokairua ordaintzeko iristen zitzaigun gutxieneko diru-sarrerekin.
Nire eskubideak erreklamatzen hasi nintzenean, enpresak erabaki zuen lanorduak jaistea eta laneko jazarpena egitea bere arduradunetako baten bidez. Azkenik, Bilboko Laneko Autodefentsaren Sarera joan nintzen, nire eskubideen alde borrokatzeko.
Enpresaren aurkako kanpaina publikoa hasi zenean, nagusiak difamatu egin ninduen nire lankideen aurrean, pisuen jabeen aurrean, eta baita nire etxeko etxekoandrearen aurrean ere; azken aste hauetan guztiei hainbat dei egin die. Gainera, kaleratu egin nau eta ez dit azaroko azken soldata ordaindu. Zor didan diru guztia ordaintzen ez didan bitartean, enpresariak hilero diru kopuru handiak fakturatzen jarraitzen du. Langile Autodefentsa Sarearen laguntzarekin borrokan jarraituko dut zor didana ordaindu arte".