Jende dezentek egiten du galdera hori, alegia, emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzen badugu zer dela-eta emakumeentzako lasterketa? Alardea eta Donostiako hainbat soziedade gogoan, nolatan Lilatoia?
Duela urte batzuk neuk ere soberan zegoela uste nuen, lila ukitu bat baino ez, ez zen lasterketa “serioa”. Gainera, gizonik ez. Hasieratako lilatoia ezagutu nuen eta azken urteotakoa ere bai. 200 inguru orduan, orain 2.000ra iritsi gara. Bai, lilatoia beharrezkoa da. www.lilaton.com webgunean antolatzaileek egindako bideoa ikusi eta emakume protagonistek esaten dituztenak entzun besterik ez dago.
Lilatoian parte hartzeko asmoz lehen aldiz korrika egiten hasten diren askok lotsa sentitzen du, “zer esango dute?” da galdera ohikoena. Arropa zabalak janzten dituzte hasieran eta gero datoz elastiko eta maila estuak. Autoestima baxua dute: 5 kilometroko lasterketarako prestatzeko gai ez direla izango pentsatzen dute eta bakarrik korrika egitera ateratzea abentura hutsa da. Bai, oraindik horrela gabiltza.
Gizonek eta emakumeek parte hartzen duten lasterketetan (Lilatoia ezik, denetan esango nuke nik) broma gutxi dago. 5 kilometrokoak oso gutxi dira eta Lilatoiko atzeko taldearen erritmoa ez da existitzen. Hasiberriarentzat aukera aproposa da. Dena dela, helburuak ez luke Lilatoia izan behar, emakumeek konplexurik gabe lasterketa herrikoietan parte hartzea baizik.
Iratxe Aranburu atleta zarauztar bikainak emakumea/kirola binomioaz asko hausnartu du, eta ARGIAn egindako elkarrizketan (2007-05-27, 2090. zenbakia) esan zigun emakumeak lau hormetatik kanpoko kiroletan gehiago ikusi nahiko lituzkeela. 2004an Emakumea eta kirola. Oraindik jokoz kanpo izeneko artikulua argitaratu zuen Argiak. Sei-zazpi urtean zenbat aldatu dira kontuak?