argia.eus
INPRIMATU
Lidl supermerkatuak, animaliekiko tratu txarrengatik jo-mugan
  • Alemanian oilaskoak hazten dituen etxalde erraldoi bateko irudiak zabaldu ditu Equalia GKE-ak. Bertan irregulartasun ugari atzeman daitezke, bereziki animalien aurkako tratu txarrak eta pilaketak, non bizirik dauden txitoak ondoan hilda daudenak jatera iristen diren. Lidl supermerkatuak hornitzen ditu etxalde honek.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 26a
Argazkia: Equalia.

Langileak oilaskoei lepotik heldu eta kolpeka hiltzen edo lepoa bihurrituta sakrifikatzen. Hegaztiak hilzorian, infekzioekin, gaixotasunekin edo janaria eskuratzea eragozten dieten deformazio larriekin. Halako irudiak ikus daitezke Equalia GKEak Alemaniako etxalde batean grabatu duen bideoan. Erakunde animalistak ez du etxaldearen kokapena zehaztu, soilik Alemanian dela adierazi dute. Hala ere, bai jakinarazi dute etxalde horrek nor hornitzen duen: Lidl supermerkatuak.

Equalia
Equalia
Equalia

Lau dira Lidl supermerkatuetan saltzen duten oilaskoen hazieran animalistek salatu dituzten praktika txarrak: Batetik, oilasko-dentsitate handia; bestetik, hazkuntza azkarreko arrazak hautatzea eta horrek gaixotasunak eragitea, hala nola aszitisa, bat-bateko heriotzaren sindromea edo ukipen-dermatitisa; hirugarrenik, ingurumenaren esparruan gutxieneko estandarrak ez betetzea; eta azkenik, bainu elektriko bidezko zorabioa. Hau da, hegaztiak ur elektrifikatuan murgiltzen dituzte hil aurretik zorabiatzeko. Europako Batzordeak adierazi du beharrezkoa dela prozesu hori debekatzea, animalien sufrimendua dela-eta.

Guzti honekin lotuta, animaliak babesten dituzten Europako hainbat erakundek Lidl-i eskatu diote Oilaskoaren Europako Konpromisoa sinatzeko. Helburua da 2026rako supermerkatuetan saltzen dituzten animalia guztiek gutxieneko baldintza batzuk betetzea.

Ez da Lidl bakarrik

Duela zortzi hilabete Carrefour supermerkatuei egin zien interpelazio bera Equaliak, beste ikerketa batekin. Hemen bideoa.