argia.eus
INPRIMATU
Liburuzainek jasaten duten indarkeria matxista bistaratu dute Katalunian
  • Kataluniako liburutegietako langileak batu eta batzorde feminista sortu zuten otsailean, egunero jasaten duten indarkeria matxistaren aurrean antolatu eta kolektiboki aurre egiteko. Liburuzain emakumeek “Ez dizut ezer galdetu” kanpaina hasi zutenetik, ehundik gora testigantza jaso dituzte. Proposamen zehatzak egin dituzte.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 03a
Argazkia: La Directa

Paternalismoa, diskriminazioa, beren autoritatea gutxiestea, dituzten lan eta gaitasunak zalantzan jartzea, fisikoari buruzko komentarioak eta komentario sexualak, ukituak, masturbazio publikoa, begirada lizunak, jazarpena… Zerrenda luzea da liburuzainek osatu dutena; batez ere liburutegietako erabiltzaileengandik pairatzen dute indarkeria, baina baita langileen aldetik eta kanpo-bezeroengandik ere.

Directan kontatu dutenez, liburuzainek nabarmendu dute ez dagoela egoera hauen aurrean erantzuteko protokolo eraginkorrik, liburutegietan ez dagoela bitartekari funtzioak egingo dituenik, eta lantaldeen sentsibilizazioa falta dela. Sentsibilizazio eta ikusgaitasun handiagoaz gain, langile guztientzako formazioa eskatu dute, genero ikuspegitik, batez ere erabakimen espazioetan. Bartzelonako liburutegietako partzuergoaren zuzendaritzatik erantzun dute aintzat hartzen ari direla eskaera horiek guztiak.

Sektore feminizatua

Bartzelonako liburutegi publikoetan, langileen %70 emakumeak dira, baina partzuergoko presidentzia, presidenteordetza eta gerentzia kargu guztiak gizonen esku daude.