Liburuen, liburutegien eta haien onuren apirila atzean utzi dugularik, Saharako Kabiak elkartetik haien historiaren alde iluna gogora ekarri nahi dugu, hori oroitzerakoan are garrantzi handiagoa hartzen baitute liburuek herrien identitatea eta biziraupena defendatzerakoan. Gizateriari kultur tragedia handienetako bat ekarritako eta milaka urteko eta ohikoa izan den liburutegien suntsipenaz ari gara, alegia, herrien eta kulturen kontrako arma genozida gisa oraindik erabilia izaten ari den zorigaiztoko praktika historikoaz. Horrela, liburuei daukaten boterea aitortu, eta beti, edozein egoeratan, oso txarra bada ere, liburutegiak sortzea, zaintzea eta mantentzea zein garrantzitsua den aldarrikatzen dugu. Euskara maite eta euskaraz bizi garenok, gainera, asko dakigu identitatearen babesleku horien garrantziari buruz.
Gizateriaren liburutegi handi gehienak desagertu egin dira gerra-gatazketan. Etsaiak badaki zaurian hatza jartzen. Liburutegiak nahita erretzea zentsurazko arma gisa erabilia izan da, eta jatorria du gorrotoan eta liburutegiei eutsi dieten herrien kultura, hizkuntza eta idiosinkrasia erabat menderatzeko eta desagerrarazteko nahian. Ondarea desagerrarazteak nortasuna ahaztu eta suntsitu egiten baitu eta ondorioz gizarteen arrakastari kalte egiten dio. Liburutegien suntsiketa betiko desagertu beharko litzatekeen taktika da.
Alexandriako Liburutegia suntsitu zenean, inoiz berreskuratuko ez dugun antzinako munduko altxorretako bat galdu genuen; egungo Irakeko Niniveko Liburutegiaren suntsipenean gramatikaz, magiaz, erlijioaz, zientziaz, arteaz, historiaz edo literaturaz jarduten zuten 22.000 buztin-ohol, bi aldeetan idatziak, desagertu egin ziren; etengabe arpilatua izan zen Konstantinoplako Liburutegi Inperialak betirako ezabatu zituen literatura grekoaren lan handiak, horietako asko papiroaren gainean idatziak; Granadako La Madraza suntsitzea, Maien eta Azteken kodexak desagerraraztea, bibliokausto nazia, gure gerra zibil eta geroko diktadura garaian erretako milaka liburuak edota Sarajevoko liburutegiaren txikizioa gizateriaren ondare-galeraren adibideak dira, luzatu genezakeen hondamendien zerrendaren adibide gutxi batzuk besterik ez.
Espainiako Gobernuak bidegabekeriaz ahaztua daukan Saharako Mendebaldeak ezin du liburutegi saharar propioa eduki, Marokok Sahara kulturalki ere okupatua duelako
Zoritxarrez, gerra-praktika genozida honek indarrean jarraitzen du. Orain Israel betikotzen ari da Palestinan. Israelek duela hilabete gutxi Gazako liburutegiak suntsitu ditu, genozidioa osatzeko liburutegiak ere nahitaezko gerra-helburu dituelako. Israelek bonbardatu eta desagerrarazi ditu Gazako Artxibo Nagusiak, Udal Liburutegia, Unibertsitateko Liburutegiak, Meskitetako Liburutegiak, Al Mansur Liburu-denda eta Argitaletxe ospetsua, eta ehunka artxibategi eta liburu-denda eta biltegi. Nola liteke gizakiak hain gaiztoa izaten jarraitzea, eta erreproduzitzen jarraitzea ez errepikatzeko bakarrik gogoratu beharko genituzkeen gertaera historikoak?
Mendebaldeko Saharak ere eduki zuen kultur tragediaren pasadizoa gaur egun Marokok okupatzen duen Smara hiriko liburutegi bikainean. Hura ere, 1913an, suntsitua izan zen Mouret koronel frantziarraren agindupean, kolono frantziarren desio espantsionistek ondarea suntsitu eta haien identitatea desagerraraziko duzu leloa aplikatu zutenean. Ordurako Sheij Ma el Ainin lider politiko entzutetsu sahararrak, gaztetatik bokazio pedagogikoa eta gogoeta zein ikerketarako interes handia garatu zuenak, hainbat tratatu idatziak zituen erlijio, poesia, medikuntza, gramatika, flora, ohitura eta bidaiei buruz. XIX. mendearen amaieran kolonialismoaren aurkako borrokak bultzatuta Sheij-ak Smara hiria fundatu zuen, Mendebaldeko Sahara osoan jatorri sahararra izango zuen hiri bakarra, gainerako guztiek jatorri kolonialista baitute. Bertan 5.000 liburu baino gehiago gorde zituen liburutegia altxatu zuen, zoritxarrez betirako desagertu zirenak.
Espainiako Gobernuak bidegabekeriaz ahaztua daukan Saharako Mendebaldeak ezin du liburutegi saharar propioa eduki, Marokok Sahara kulturalki ere okupatua duelako. Bertako sahararrek debekatua dute beraien adierazpen kultural oro adieraztea, hassanía hizkuntza ikasketetarako erabiltzea, adibidez.
Horregatik jarraituko dugu bultzatzen errefuxiatuen kanpamentuetan indarrean eta dagoenekoz egonkortua dabilen Bubisher proiektua, errefuxiatuen gozamenerako kultur-gune libreak, sahararrek beraiek eta nahi bezala kudeatutako erresistentziarako liburutegiak eta bibliobusak.
Nafarroako Saharako Kabiak Elkartea