argia.eus
INPRIMATU
Liburuen ekoizpena jaitsi egin zen 2017an Hego Euskal Herrian
  • 3.134 liburu argitaratu ziren Hego Euskal Herrian iaz, Espainiako Kultura Ministerioak argitaratu berri dituen datuen arabera. Ia %20ko jaitsiera da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %35etik gertukoa Nafarroan.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko maiatzaren 22a
Durangoko Azokako artxiboko irudi bat. Euskarazko liburuen ekoizpenak behera egin du 2017an, 2016arekin alderatuta (argazkia: Dani Blanco).

Espainiako Estatuan liburu-ekoizpena gehien jaitsi den bi erkidegoak dira EAE eta Nafarroa, Kulturarako Espainiako Estatu-Idazkaritzak aurreratu duenaren arabera. ISBN agentziak emandako datuetan oinarrituz, Espainiako Estatuko liburu-produkzioaren iazko argazkia ezagutu da astelehen honetan eta agerian geratu da Hego Euskal Herriko liburugintzaren iazko beheranzko joera.

2.565 liburu ekoiztu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an publikatutako 3.134 liburuekin alderatuz %18,2ko jaitsiera. Txikiagoa da kopurutan Nafarroako liburugintza eta argitalpenen gutxitzea kopuru absolutuetan ere txikiagoa den arren, ehunekotan esanguratsua da: 569 liburu inskribatu ziren ISBNan 2017an, aurreko urteko 870 argitalpenekin konparatuz %34,6ko jaitsiera.

%13ko gutxitu da euskarazko liburuen ekoizpena

Espainiako Estatuko gainontzeko datuekin kontrastea egiten dute Hegoaldekoek, izan ere, goranzko joera nabarmendu du Espainiako Kultura Ministerioak: %1,2 igo da produkzioa aurreko urteko datuarekin konparatuta. Katalunia eta Madrilgo erkidegoa dira Espainiako Estatuko liburu ekoizpenean erabateko liderrak, biak batuta ekoizpen osoaren %63,5 osatzen baitute.

Kataluniaren pisu konkretu horrek badu eragina argitalpenen hizkuntzan ere. Gaztelania nagusi den arren, iaz 9.702 liburu argitaratu ziren katalanez, Espainiako Estatuko ekoizpen osoaren %11,5. Urrun daude zenbaki horietatik euskaraz iaz publikatu ziren 1.430 liburuak. Eta gainera, 2016. urtearekin konparatuz, %13 jaitsi da euskaraz ekoiztutako liburuen portzentajea.