argia.eus
INPRIMATU
Liburu faltsu batekin, Amazonen webgunera eraman dute langileen baldintzen salaketa
  • Amazoneko langileen lan baldintzak salatzeko kanpaina bere webgunera bertara eraman dute. “Amazon Anonymous” izenean multinazionalak langileei ordaintzen dizkien soldata prekarioak salatzeko A Living Wage for All Amazon Workers izeneko liburu faltsua jarri zuten salgai. Webgunearen arduradunek liburua kendu aurretik, bi ordu egin zituen bertan, sarean oihartzun zabala lortuz.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 01
Langileen egoera salatzeko "Amazon Anonymous”-eko kideek ekintza ugari eraman dituzte aurrera (Irudia:teleread.com)

Bertako langileen egoera argitara atera asmoz, beste ekimen batzuk ere egin izan dituzte. Hasteko, Change.org plataformaren bidez 62.000 sinadura baino gehiago eskuratu zituzten ondorengo eskaerarekin: “2012an Erresuma Batuan 4,2 mila miloi librako irabaziekin, edonork esango luke Amazonek baduela nahiko diru bere langile eta haien familiak elikatu eta janzteko adinako soldatak ordaintzeko”.

Batutako sinadurak Amazonen Londreseko egoitzara eraman zituzten. Jasotako erantzunarekin disgustura, posta elektroniko bidezko kanpaina berri bati ekin zioten gero; 10.000 lagun baino gehiagok, enpresari zuzenenean langileen eskubideen aldeko mezuak bidaltzea lortuz.

Azkenik, multinazionalaren erantzun ezaren aurrean, azken ekimen honekin, “Amazon Anonymous”-eko kideek bezeroen salaketa webgunean bertan publikoki ager zedin nahi zutela adierazi dute The Guardianen argitaratu duten artikuluan.

Ondorengo irudian ikus daiteke nola agertu zen liburu faltsua Amazonen webgunean:

Langilea kultura korporatiboz blai”

Duela ia urtebete, Frantziako kazetari gazte batek hilabete igaro zuen multinazionalaren biltegietan lanean, bertako langileen egoera bertatik bertara ezagutzeko. “En Amazonie. Infiltré dans le ‘meilleur des mondes’” liburuan kontatu zuen aurkitutakoa: erabateko menpekotasuna inposatzen duten konfidentzialtasuna arauak, lan-erritmo esplotatzailea, soldata oso baxuak ...

Pello Zubiria ARGIAko kazetariak idatzitako “Amazonen kazetari gazteak aurkitu zuen usina orweldarra” artikuluan informazio gehiago.