Metaren buru den Mark Zuckerberg-ek adierazpen askatasunaren izenean eta erroetara itzultzearen izenean, immigrazioa, generoa eta sexu-orientazioa bezalako gaien aurkako zentsura kentzeko neurriak hartu ditu. Trumpekin elkarlanean arituko dela adierazi du eta “adierazpen-askatasuna berrezartzeko aukera” izango dela.
Urtarrilaren 7an, Trump presidente ezarri baino bi aste lehenago, bideo baten bidez adierazi zuen Mark Zuckerberg-ek aipatutako sare sozialetako zentsura politikak murriztuko dituela eta eduki politikoa gehituko dela.
2025ean aplikatuko diren neurrien berri eman du Metak, eta aurretik ezarrita zeuden beste zenbait zentsura neurri ezabatuko dituela ere azaldu du.
Edukien zentsura politikak sinplifikatu, eta inmigrazio eta genero gaiak babesteko ezarritako neurri murriztaile "ugari" kenduko dituztela argudiatu du Zuckerberg-ek. "Inklusiboagoak izateko nahiaren" ondorioz zenbait ideia "kanpoan utzi" dituztela adierazi du, eta jendeak sinismenak eta pentsaerak libreki adierazi ahal izango dituela hemendik aurrera.
Posible izango da bakoitza homofoboa, islamofoboa edo arrazista dela libreki adieraztea, eta pertsona talde batekiko intolerantzia eta gorroto adierazpenak ere modu askean erabili ahalko dira. Lehen debekatuta zegoen "nazkagarria da", "gorroto dut" edo "ezin dut jasan" bezalako terminoak erabiltzea, orain ez.
Sare sozialen bidez Metaren fundatzaileak zabaldutako bideoan, Europako herrialde gehienetan genero auziaren, LGBTIQ+ kolektiboaren edo immigrazioaren aurkako diskurtsoak zentsuratzeko neurri asko daudela azaldu du, eta berak horren aurka egin nahi duela.
Horrez gain, adierazi du biolentziazko edukiak ezabatzeko neurriak arinduko dituela. Orain arte biolentzia oro agertzen zen edukia berehala borratzeko metodoak zeuden, orain ordea, kasu larrienak soilik ezabatuko direla esan du. Berriro ere adierazpen askatasunaren izenean adierazi du kendu beharko ez liratekeen eduki asko borratzen dituztela iragazkiek. Hori horrela, bereziki larria ez den edukia ezabatzeko norbaitek abisua ipini beharko du lehenago.
Neurri berriak zehazten dituen txostenean azaldu dute onartu egingo dituztela generoaren edo sexu-orientazioaren aurkako diskurtsoetan "buruko gaixotasun" edo "anormal" terminoak erabiltzea. Horrez gain, erabilera arrunta izan ahalko dute "arraro" bezalako hitzek LGBTIQ+ pertsonei buruzko diskurtso politiko eta erlijiosoetan.
Metaren web orrialdean neurri berriak argitaratzeaz gain, aurreko urteetan hartuatako zenbait puntu ere lerro gorri batez ezabatuta ageri dira.
Hemendik aurrera pertsona talde bat ez dela existitzen edo ez lukeela existitu beharko argitaratzeko aukera izango da. Kendu egin dute arraza edo afiliazio erlijioso batek existitu beharko ez lukeela esatea mugatzen zuen neurria, eta orientazio sexual baten existentzia ukatzeko aukera ere izango da.
Gizonak emakumeak baino gehiago direla ere esan ahalko da, eta emakumeei "objektu" moduan deitzeko aukera ere izango da. Pertsona transei "gauza" hitza erabiliz erreferentzia egitea debekatzen zuen neurria ere ezabatu dute.
Neurri horiek Facebooken eta Instagramen bi hilabeteren barruan indarrean izatea aurreikusten dute.