argia.eus
INPRIMATU
Libe Goñi Garateri eman diote I. Monzon-Ganuza saria
  • “Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana” eskaini dioten herritarrak omendu nahi ditu Monzon-Ganuza sariak. Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak sortu dute elkarlanean.

2021eko otsailaren 15a
Argazkia: Zaldi Ero.

Astelehen goizean aurkeztu dituzte Monzon-Ganuza sariak Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak, eta aurtengo saritua nor den jakinarazi dute ere: Libe Goñi Garate. Josefa Ganuzak eta bere bikote Telesforo Monzonek ordezkatzen dizuten baloreekin bat egiten duten bizitzak omendu nahi ditu. Martxoaren 9an ospatuko dute saria emateko ekitaldia Olaso Dorrean bertan, Monzon hil zela 40 urte betetzen diren egunean.

Libe Goñi Oteizan (Nafarroa) jaio zen 1947an. Seaska ikastolen sortzaileetako bat da, besteak beste. Horrela laburbildu zituen bere jatorria eta bizitza Miel Anjel Elustondok, ARGIArako 2019an eginiko elkarrizketa batean: “ Zarautzen jaioa ama, Miren, irakaslea zen Orbaizetan 1936ko gerra aurretik, zigortua gerra garaian, Zaragozako (Espainia) Villabella herrira erbesteratua, harik eta 1950ean Lazkaon destinoa hartu ahal izan zuen arte. Lizarra ondoko Oteizakoa aita, ez zekien euskaraz. Hala ere, euskaraz hitz egin zien beti amak seme-alabei. Amaren urratsei jarraiki, irakasle ikasketak egin zituen Libek, eta Karmele Esnal eta Elbira Zipitriarekin trebatu zen. 1969an heldu zen ihesean Ipar Euskal Herrira eta Seaska ikastoletako lehen andereñoa izan zen. 2007an hartu zuen erretreta”.