argia.eus
INPRIMATU
Libanon lur erasoa hasi du Israelek, herrialde gehiago bonbardatu bitartean
  • “Gerraren hurrengo fasea” hasi duela iragarri du Israelgo Armadak. Beirut hiriburuan, Gazan eta Sirian ere egin ditu bonbardaketak, eta Iran mehatxatu du berriz ere. AEBek jakinarazi dute soldadu gehiago bidaliko dituztela Ekialde Hurbilean dituen baseetara, Israeli laguntza emateko “behar izanez gero".

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko urriaren 01

Astearte goizaldean hasi du lur bidezko erasoaldia Israelgo Armadak. Armadak azaldu du “gerraren hurrengo fasea” hasi duela, baina erasoak “mugatuak, tokian-tokikoak, eta selektiboak” izango direla. Israelek ohiko duen terminologia horretatik harago, ikusteke dago zer tamaina eta ezaugarri hartuko dituen inbasioak. Erasoaren helburua Israel iparraldeko biztanleak babestea dela ziurtatu du armada sionistak. Israelgo mugatik hurbil dauden Libano hegoaldeko 30 herritako biztanleei beren etxe eta herriak uzteko agindu die armadak, eta muga inguruan soldadu sionistek Hezbollahko kideekin “borroka biziak” izan dituztela aitortu du.

Hezbollahk adierazi du artilleria erasoak egin dituela Libano hegoaldean soldadu israeldarren aurka, eta irismen luzeko misilak bota dituela Mossad-aren eta Inteligentzia Militarraren bi egoitzaren aurka, Tel Aviv hiriburutik hurbil.

AEBen babesa

Israelgo Gobernuak adierazi du lur erasoak AEBen oniritzia duela, eta horrela baieztatu du Pentagonoak. AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek telefonoz hitz egin du Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroarekin: babesa eman dio eta Hezbollahren “mugako erasorako azpiegiturak” deuseztatzea beharrezkoa dela adierazi.

Gatazka armatua Ekialde Hurbil osora zabaltzeko arriskua areagotzen ari den honetan, Pentagonoko bozeramaileak astelehenean jakinarazi du “milaka” soldadu gehiago bidaliko dituztela AEBek zonaldean dituen base militarretara, Israel laguntzeko “behar izanez gero”.

Israelen erasoak eta mehatxuak hainbat herrialderi

Libanoz gain inguruko beste herrialdeen aurka ere egiten ari da Israel. Yemen igandean bonbardatu zuen. Astelehenean, Gazan, eskola bat bonbardatu zuen eta gutxienez zazpi hildako eragin, eta asteartean Zisjordanian beste bi palestinar hil dituzte soldadu sionistek. Sirian, Damasko hiriburuan aire erasoa egin du Israelek eta hiru pertsona hil, tartean kazetari bat.

Testuinguru horretan, Iran mehatxatu du berriz ere Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak: “Iran azkenik libre den egunean, eta une hori jendeak uste baino askoz lehenago iritsiko da, dena desberdina izango da!”. Eta baita Ekialde Hurbileko edozein balizko arerio ere: “Ekialde Hurbilean ez dago Israelen ahaletik kanpo dagoen tokirik”.