argia.eus
INPRIMATU
Libanoko Poliziak pertsona bat hil du konfinamenduaren aurkako protestetan
  • 29 urteko pertsona bat hil eta beste 200 bat zauritu dituzte Libanoko segurtasun indarrek Tripolin, manifestariekin izandako istiluetan. Aste honetan egunero kalera ateratzen ari dira herritarrak, pandemia dela eta gobernuak agindutako itxieragatik haserre, oso egoera txarrean den herritarren ekonomia are gehiago kaltetu duelako.

Axier Lopez @axierL 2021eko urtarrilaren 29a
Argazkia: AFP

Omar Taybak izeneko 29 urteko tripoliarra izan da lehen hildakoa. Balaz zauritu zuten poliziek asteazkeneko gauean. AFPko berriemaile baten kontakizuna jaso du All Jazeera hedabideak: “Manifestariek molotov koktelak eta harriak jaurti zituzten segurtasun indarren aurka, eta gas negar-eragileekin erantzun zuten”. Zaurituak eta ospitaleratuak dozenaka dira.

 

Hilabete honetan ezarritako etxeratze-aginduak Libanoko krisi ekonomikoa larriagotu du. Tripoliko herritar asko diru-sarrerarik gabe geratu da Libanok hil honen hasieran erabateko itxiera ezarri zuenetik, COVID-19 kasuen gorakada geldiarazteko eta ospitaleak gainezka ez egiteko asmoz. Etxeratze-agindua indarrean dago herrialde osoan eta agintariek beste bi astez luzatu dute blokeoa, otsailaren 8ra arte.

Jendeak debekatuta dauka etxetik irtetea funtsezko sektoreetako langileak izan ezean, eta supermerkatuen etxez etxeko entregen mende egon behar dute elikagaiak lortzeko, eta horiek ez dira auzo txiroenetara heltzen.

289.000 pertsona baino gehiagok positibo eman dute COVID-19an eta 2.553 lagun hil dira gaitzak jota Libanon, pandemia hasi zenetik. Baina egoera nabarmen egin du okerrera azken hilabetean.