argia.eus
INPRIMATU
Libanoko gobernuak Nazioarteko Diru Fondoari dei egin dio
  • Gutxienez 10 miliar dolarreko diru laguntza eskatu dio NDF Nazioarteko Diru Fondoari Hassan Diaben gobernuak. Trukean, gehienetan austeritatearekin errimatzen duten hainbat erreforma gauzatu beharko ditu Libanoko Estatuak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 02a

Egoera sozioekonomiko larrian da Libano eta azken egunetako protestek islatu dutenez, egunez egun okertuz doa egoera herritarrentzat. 92 miliar dolarreko zorrari aurre egiteko plan ekonomiko eta finantzarioa aurkeztu zuen Hassan Diab lehen ministroak apirilaren 30ean. Tartean, NDFri dei egiteko erabakia: orotara, gutxienez 10 miliar dolarreko diru laguntza galdetu dio.

Trukean, austeritatea

Trukean, hainbat erreforma bideratu beharko ditu Libanok. Jakina denez, zerbitzu publikoen desegitearen defendatzaile sutsua da NDF eta diru laguntzak banatzen ditu, baldin eta austeritate politikak gauzatzen baldin baditu jasotzaileak.

Jada 2018an, Libanori 10 miliar dolarren banatzea onartu bazuen ere, oraindik ez ditu jaso Beirutek, justuki eraman beharreko erreformak ez dituelako gauzatu.

2019ko udazkenaz geroztik, %35etik %45ra igo da pobrezia tasa Libanon. Inflazio alimaleak ere okertzen die egunerokoa herritarrei. Gainera, koronabirusari aurre egiteko konfinamenduak ere egoera txartu die. Horren lekuko azken egunetako protestak. Manifestariek bankuak dituzte jomugan: gobernuarekin eskuz-esku aritzea eta estatuaren zorraren eta porrotaren erantzule izatea leporatzen diete. Hamarnaka kolpatu eta hildako bat dira aste honetako manifestarian artean.