argia.eus
INPRIMATU
Libanoko Gobernuak dimisioa aurkeztu du, Beiruteko leherketaren harira
  • Lehen ministroak “estatua baino indartsuagoa den ustelkeria sistema kronikoari” egotzi dio leherketaren arrazoia, eta gobernuaren aurkako protestak “ulergarriak” direla dio.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 11

Hassan Diab Libanoko lehen ministroak dimisioa aurkeztu du astelehen honetan, ministroen herenak baino gehiagok kargua utzi ostean. Libanoko Gobernuaren buruzagitza kolokan izan da azken astean, leherketa handi batek Beiruteko portua suntsitu eta inguruko zonaldeak kaltetu eta 200 lagun baino gehiago hil zituenetik.

Herrialdeari igorritako mezu batean, Diabek esan du exekutiboak "atzerapausoa" eman duela "herritarrekin batera egoteko", eta era berean, "herritarrek aldaketa baten alde egiten duten eskaera" onartu duela.

Lehen ministroaren esanetan, leherketa "ustelkeria kronikoaren ondorioa" da, eta gaineratu du "ustelkeria sarea estatua baino handiagoa" dela, Europa Pressek jaso duenez. Diabek deitoratu egin du Libanoko klase politikoak "baliabide zikinak” erabili izana aldaketa saihesteko. "Batzuek ez dute behar bezala interpretatu urriaren 17ko iraultza", adierazi du presidenteak Saad Haririren Gobernuaren erorketa eragin zuten protesten harira.

Beiruten izandako leherketa gobernuen gaitasunik ezagatik izan zen, eta ez zuten alarma-ahotsen aurrean erreakzionatzen jakin. Portuan, substantzia erregaiekin batera, 2.750 tona amonio nitrato biltegiratuta zituzten zazpi urtez. Hildako eta zauritu kopuru handiaz gain, leherketak Beiruteko 250.000 biztanle etxebizitzarik gabe utzi ditu.

Protestak

Gobernuak dimisioa aurkeztu arren, hiru egun jarraian daramatzate ehunka pertsonek parlamentuaren inguruan manifestatzen. Astelehen honetan jazotako istiluek 45 zauritu eragin dituzte. Manifestariak Diaben hitzartzearen aurretik elkarretaratu ziren parlamentuaren aurrean, eta harriak zein su artifizialak jaurti zituzten inguruko polizien aurka. Poliziak gasa jaurtiz erantzun zuen haien aurka. Protestetan parte hartu duten libanoar ugarik adierazi duenez, ez dute aldaketa sakonik espero.