argia.eus
INPRIMATU
Libanoko etxeko langileak gehiegikerien aurka altxatu dira
  • Libanon lan egiten duten etxeko langile kanpotarrak elkartzen hasi dira nagusien gehiegikeriekin amaitzeko. Emakumeek sindikatu bat sortu nahi dute, eta horretarako proposamena aurkeztu dute Lan Ministerioan.

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 21
Etxeko langile filipinarrak Beiruten. (Arg: O. Andrés Gallart)

Asia hego-ekialdetik edo Afrikatik iritsitako emakumeak izan ohi dira Libanon etxeetako langile gisa jarduten dutenak. “Kafala” deituriko kontratazio sistemaren bidez, langile horien nagusiak beraien arduradun legalak bilakatzen dira eta ia botere osoa dute beraiengan.

Etxeko langile kanpotar batek etxea uztea erabakitzen badu, biztanle ilegal bilakatzen da Libanon, eta kartzelaratu edo deportatu egin dezakete.

Desberdintasun egoera horrek emakume langileenganako gehiegikeriak eta tratu txarrak errazten ditu. El Diariok jaso duenez, lan behartuak, eraso fisikoak, sexualak eta ahozkoak jasan dituztela salatu dute emakumeek.

Libanoko Gobernua, beste aldera begira

Lan Ministerioko arduradunetako batek, Marlene Atallahk, etxeko langileen proposamena “aztertzen” ari direla adierazi du. Hala ere, Gobernuaren lehentasunak beste batzuk direla jaso du El Diariok, Siriako gatazka eta honek sortutako egonezina, besteak beste.

Rose, etxeko langile kamerundarrak argi dauka: “Antolatzen hasi ginenetik gauza askok egin dute hobera, gure eskubideen kontzientzia handiagoa daukagu. Orain ez dago atzera bueltarik”.