argia.eus
INPRIMATU
Libano “Gaza bezala suntsitzeko" mehatxua zabaldu du Netanyahuk
  • Ingelesez zabalduriko bideo baten bidez eman die abisua Israelgo Lehen ministroak: Israelgo armadarekin kolaboratu ezean, libanoarrei ere bideratuko die palestinarrek pairaturiko "sufrikarioa".

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko urriaren 10
Israelgo Gobernuaren irudi bat, Libanon abiaturiko inbasioa irudikatzen duena.

Urriaren 8an zabaldu die abisua libanoarrei Benjamin Netanyahuk: Hezbollahren aurkako gerran kolaboratzen ez baldin badute, orduan "Gaza bezala" suntsituko die herria. Erakunde xiita desagerrarazteko helburuari lotu ezean, "suntsiketa eta sufrikarioa" pairatuko luketela argi utzi die ingelesez plazaraturiko diskurtsoan.

Bere aldetik, Israelgo armadako tropei eraso egin diela jakinarazi du asteazken honetan Hezbollahk, baita eraso horien ondorioz atzera egitera behartu dituela ere. Israelgo komunikabideetan zabaldu denez, Libanotik jaurtitako suziri batek bi lagun hil ditu Israel iparraldeko Kiryat Shmona herrian asteazken honetan. Bestalde, Libanoko Parlamentuko presidente Nahib Berrik "su-etena lortzeko bideratu saiakera politikoak" sostengatzen dituela adierazi du Hezbollahren buruzagi berria den Naim Qassemek. Bizkitartean, Israelen inbasioari erantzuteko indarrez direla argitu nahi izan du erakunde armatuaren ordezkariak.

Irailaren 23an areagotu zituen Israelek Libanoren kontrako bonbardaketak eta 30ean abiatu zuen lur bidezko inbasioa. Egunez egun, Hego Libanotik kostaldera eta ekialdera zabalduz doa eraso militarra. Irailaren 8an jarri dute estatu sionistaren bandera berenganaturiko Marun al-Ras herrian. Sinbolikoki pisu handia duen urratsa da, 2006ko gerran bataila gogorra egon zelako Hezbollahren bastioi gisa ikusitako herri horretan eta bere alde erabili du irudia Israelgo Gobernuak ere, Xren bidez zabalduz lau haizetara. Bere helburua berretsi zuen asteartean Netanyahuk, X bidez zabalduriko irakurketan: "Milaka terrorista desagerrarazi ditugu; horien artean, Nasrallah, Nasrallahren ordezkoa eta ordezkoaren ordezkoa".

Israelgo iturriez fidatuz gero, Irango "gune militarren kontrako aire erasoak", "operazio sekretuak" baita "petrolio azpiegituren kontrako erasoak" bideratu nahi ditu Israelek

1.100 hildako baino gehiago eragin ditu Tsahal armadak Libanon eta beste milioi batek beren bizilekua utzi behar ukan dute irailaren 23az geroztik.

AEBetako presidente Joe Bidenekin hitz egin behar du Netanyahuk urriaren 9an. Hezbollahren kontrako erasoak zein Irani eman beharreko erantzun militarra dituzte solasagai nagusiak. Badu bi hilabete ez direla zuzenean elkarri mintzatu. Israelgo iturriez fidatuz gero, Irango "gune militarren kontrako aire erasoak", "operazio sekretuak" baita "petrolio azpiegituren kontrako erasoak" bideratu nahi ditu Israelek.

Siria ere jomugan

Badirudi Siria erasotzearen ideia ere mahai gainean duela Israelek. Hain zuzen, Damasko hiriburuaren kontrako eraso bat bideratu du urriaren 8an, "Hezbollahko goi-kargudun" bat jomugan hartuta. Gutienez bederatzi zibil hil eta beste hamaika kolpatu ditu bonbardaketa horrekin. Eraso horiek ez dira berriak, baina areagotu besterik ez dira egin iazko urriaren 7az geroztik.

Bonbardatutako eraikina Irango enbaxadatik bostehun metrotara da eta aurretik ere bonbardatu ditu inguru horiek Israelek. Azkena, urriaren 1ean, hiru herritar hil zituen.