argia.eus
INPRIMATU
Txina
Lianghui, edo errituaren berritasunak

Mikel Aramendi 2023ko martxoaren 06a
Txinako Herri Biltzar Nazionalaren lehenbiziko saioa / Argazkia: Xinhua

Erritu-zeremonia dela esango du norbaitek, eta ez zaio arrazoirik faltako. Baina ur handiagotan murgildu baino lehen, komeniko zaio halakori gogoan izatea gure artean –gaur egun eta kanpora begira– errituekiko dugun gutxiespena, agian, beste paraje batzuetan, lehen eta orain, ez dela halakoa.

Kontua da urtero, duela 60 baino gehiagotik, martxoko lehen egunetan biltzen direla, astebetez gutxi gorabehera, aldi eta hirigune berberean baina bakoitza bere aldetik, Txinako Herri Biltzar Nazionala (3.000 kide inguru) eta Txinako Herriaren Aholku Konferentzia Politikoa (2.150 kide inguru). Lianghui, Bi Saioak. Eta erritualtasun zorrotzenarekin onesten dituztela bilduek, aho batez ia, agintetik egiten zaizkien proposamen potolo guztiak: urteko aurrekontua, helburuen zenbatekoak, aginte-arduren banaketa... Aurten, gainera, Alderdiaren XX. Kongresuaren ondorengo lehen lianghui-a izanik, erakundeetako bakoitzaren arduradun guztiak ez ezezik, Estatuaren aginte gorenaren arduradunak ere aldatu beharra suertatzen da. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Erabaki beharreko guztia aurretiaz erabakita datorrenez erritu hutsa eta interesik gabeko zerbait dela dioena, ordea, oker samar ibiliko da. Alde batetik, hartuta baina argitaratzeke zeuden erabakiak bertan agertzen direlako, hitzez edo egitez. Eta sinologoei denboratarako bazka eman ohi die horrek. Oraingoz, hasi dira entretenitzen Hu Chunhua-ren inguruko gorabeherekin. Baina, beharbada, Aholku Konferentzia Politiko horretan bertan, Wang Huning nagusi berriaren eskutik etor daitezkeenak are mamitsuagoak izango dira etorkizunean.

Grinaz itxaron ohi dituzte, bestalde, ekonomia eta finantzen munduko nor guztiek lianghui-an argitaratzen diren zifra eta aurreikuspenak, epe motzera burtsan (eta horrexegatik ematen dira asteburuko jaiegun batean) eta luzexeagora askoren plangintzan duten eraginagatik. Aurtengoak (%5eko hazkundea; %3ko defizita...) "kontserbadore samarrak" omen lirateke, beste batzuontzat estratosferikoak diruditen arren. Baina Txinak munduko ekonomiaren gurdia buxaduratik atera beharko duela espero duenarentzat, litekeena da gutxitxo iruditzea.

Hala ere, 2023ko lianghui horretan eman diren zifren artean bada bat, kontserbadore samarra dirudien arren, batzuek jada asaldagarritzat hartu dutena: gastu militarra %7,2 gehituko du Txinak 2023an, 225 mila milioi dolarrekoa izateraino, 2020tik dakarren hazkunde-ehunekoa motelduz baina hazkunde ekonomikoaren dezente gainetik haziz.

Agian, Ameriketako Estatu Batuek bere defentsa-aurrekontua 850 mila milioi baino gehiagoraino eraman ondoren, beste zerbait esperoko zuen norbaitek.