argia.eus
INPRIMATU
LGTBIQ+ pertsonen harrotasun eguna agintariek beraien intereserako baliatzea salatu du Ehgamek
  • Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak (Ehgam) urtero bezala kalera aterako dela adierazi du, “Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan. Gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure hazkuntza-ereduak ederrak direla aldarrikatu nahi dugu ozen”.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 28a

Beraien borroka “askapen-borroka” dela esan dute, LGTBIQ+ pertsonen askapena exijitzen duena, eta baita gainerako desjabetuena ere. Horregatik, palestinar herria “oroimenean” dutela aterako dira kalera.

Ekainaren 28a LGTBIQ+ harrotasunaren nazioarteko eguna da. Ehgam-ek salatu du, enpresek egun hau “kapitala metatzeko” helburuarekin bakarrik erabiltzen dutela. “Gure agintarien konplizitatearekin Israel egiten ari den genozidioa salatzen dugu, eta exijitzen dugu ez daitezela LGTBIQ+ eskubideak erabili sarraskia zuritzeko”. Erantsi dute “harrotasunik” ez dela “genozidioan”.

Guztion bizitzak “bizigarri” egiteko behar diren eraldaketak “sakonekoak” direla gogorarazi nahi izan du Ehgamek. Gehitu du familia nuklear heterosexualean eta jabetza pribatuan oinarritzen den sistema kapitalistak, kolektiboko gazte ugari aukeratu ez dituzten familietan bizitzera “zigortzen” dituztela. Kolektiboko adineko pertsonen inguruan beste hau adierazi du: “Zaintza-sistema pribatizatu eta familiartasunezkoak bakardadera, miseriara eta zahartzaro ez-duinak izatera daramatza”.

Amaieran, nabarmendu dute: “Borrokan jarraituko dugu sexu- eta genero disidente ororen gorputzak eta bizitzak duinak izan arte”.